Santiagoren Amara Zaharreko ispilua
Garai batean Gipuzkoako patroia izandakoaren eguna astelehenean ospatuko da; bere bila erromes ugari joandakoen bideak egun hiria dena zeharkatzen zuen eta horren oroigarri da Amara kaleko Santiago parrokia.
Jagoba, Jakes, Jakob, Jakobe, Jakue eta Santiago; bakoitzak bere ñabardurak dituen arren, izen bera dira funtsean. Bere eguna datorren astelehenean ospatuko da, eta, San Ignazioren etorrerarekin Gipuzkoaren patroia izateari utzi zion arren, hirian tradizio handikoak izan dira izena, santua eta bere izen bera duen bidea. Horren isla da Amara Zaharreko Santiago parrokia, santuaren omenez duela mende erdia sortutakoa.
Parrokiaren sorreratik bertako parrokoa izan da Pablo Garcia-Azpillaga, edo Don Pablo. Apaizak estu lotzen ditu Amara Zaharrean elizak betetzen zuen gunea eta Done Jakue edo Santiago bidea, eta baita Gipuzkoa bera zein duela 2000 urteko santua. «Gipuzkoan ibili zen Santiago».
Bi milurteko atzera, Tiberiades laku biblikoan zegoen legio erromatarra barduliarrek, hau da garaiko gipuzkoarrek, osatzen zutela dio Amarako parrokoak. Hori dela-eta, Palestinatik Galiziara egindako bidaian santua lurraldea ezagutzera etorri zela adierazi ohi du Garcia-Amilibiak.
Aurrekoaren zehaztasun historikoa albo batera utzirik, 800 bat urte geroago hasi zen Santiagora erromes joateko ohitura. Garcia Amilibiaren arabera, garai horretan Gipuzkoan ez zegoen bide zehatzik, eta Bidasoa ingurutik sartzen zirenetako asko kostaldetik gertu ibiltzen ziren. «Egungo Donostiara Mirakruz gainetik, Egiatik edo Loiolatik sartzen ziren eta ibaia gurutzatzeko toki bila Maria Cristina zubiaren ingurura etortzen ziren».
Gune horretatik Amara Zaharraren ingurura jo; gero San Bartolome eta Aldapetaren artetik igarota, Miramar Jauregiaren inguruan zegoen San Sebastian monasteriora iristeko. «Baina, horretan gaixoek bakarrik eman zezaketen gaua, besteek Orio aldera jo behar zuten», nabarmendu du apaizak.
Belarra oroitzeko, moketa
Mendeetan oso errotuta egon arren, Santiagoren inguruko tradizioa ia ahaztuta zegoen XX. mendearen erdialdean. «Horregatik eman zidan On Manuel Lekuonak Santiagoren omenezko parrokia hau sortzeko enkargua», azaldu du Garcia-Amilibiak.
Gogoan zutena hiriko eta Gipuzkoako Santiago tradizioa biltzea zen. Hori dela eta, Amara Zaharreko parrokiak sinbologia adierazpen ugari gordetzen ditu, itxuraz, xumea den eraikinean. Esaterako, lurreko moketa berdeak bere arrazoia dauka. «Santiago bideko lehen aterpeak eliza eta ermitak izan ohi ziren, eta hauen barruko zoruan belarra zegoen».
Elizaren kanpoaldea ere Santiagoren gurutzeek apaintzen dute. Parrokiako ponteak, edo bataiarriak, berriz, erromes maskorraren forma dauka; hau dela apaingarri bakarrenetakoa xumetasunak markaturiko eraikinean «Gipuzkoako elizen estiloa soila zen garai horretan ere».
Hain zuzen, Garcia-Amilibiak dioenez, hori zuten gogoan duela mende erdia parrokia irekitzean, eta horrek bultzaten ditu gaur egun ere: «Erlijio, kultura eta historia ondarea da Santiago bidea, eta horiek mantendu egin behar dira. Horretarako turismoa ere bultzatu behar bada, bultza dezatela, baina, ez dadila iragana ahaztu». Momentuz, gogoratu: astelehena Santiago eguna da.