"Doinu belgiarrarekin jotzen dut bluesa"
Toots Thielemansek Kursaal Auditorioan jo du, gaur; aurtengo Jazzaldia Saria eskuratu du harmonika eta gitarra jotzaileak
Bebo Valdes, Hank Jones, Steve Lacy, Kenny Barron, Elvin Jones, Keith Jarrett, Ahmad Jamal, Roy Haynes, Ron Carter… Jazzaldia Saria jaso duten musikarien zerrendan sartu da Toots Thielemans (Brusela, 1922). Benetako mito bizia da. Laster 90 urte beteko baditu ere, sasoi betean dago, eta lanean jarraitzen du, agertokiz agertoki. Egun, ordea, ezin du gitarra jo, eta soilik harmonika jotzen du bere ikuskizunetan.
«Nire bizitza jazza da», adierazi du gaur, sariaren aurkezpenean. Izan ere, hiru urterekin hasi zen bere akordeoi zaharra jotzen, bere gurasoen kafetegian. Bruselako unibertsitatean matematika ikasketak egin behar zituen, baina harmonika bat erosi zuen eta hura jotzen hasi zen. Alemaniar okupazioaren garaian, 40ko hamarkadaren hasieran ezagutu zuen jazza. Apostu batean irabazitako gitarra ikasten hasi zen, Django Reinhardt-en diskoek lagunduta.
>p>Jazzaren lehen garaietako artista historikoekin jo zuen. 1952an Benny Goodmanek kontratatu zuen Europan zehar bira bat egiteko, eta 1952an, AEBetara joan zen bizitzera. Charlie Parker eta George Shearing-ekin egin zuen lan garai hartan.
«Ez dakit saria merezi dudan… Baina mito bihurtu diren guztiekin jo dut, eta haiekin ikasi dut», adierazi du Thielemansek: «King Oliver, Benny Goodman; gero Be boparen eztanda iritsi zen, Charlie Parker-ekin. Eta gero hard boparena, Miles Davisekin».
Harmonikarentzat leku nabarmena lortu du jazz musikan. Ez zen ohiko musika tresna bera garaian. Desagertutako Larry Adler handia eta Cassandra Wilsonek Trinitate plazan eman zuen kontzertuan izandako Gregoire Maret harmonika jotzailea aipatu zituen. Hiru oktabako kromatikotasuna duen harmonika duela azaldu du: «Halere hamar milioiko Stradivarius bat edukitzeak ez du esanahai biolin jotzaile ona zarenik. Ahal dudana egiten dut».
Harmonikarekin ez ezik, gitarrarekin ere oso soinu berezia lortu zuen; gerora, artista askok kopiatu zutena. 1962an Bluesette pieza idatzi zuen; hainbat artistek grabatu zuten. Jazzeko Bill Evans, Ella Fitzgerald, Quincy Jones eta popeko Billy Joel, Paul Simon eta Natalie Cole-ekin egin ditu elkarlanak, besteren artean.
Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariaren hitzetan, «Asko zor diogu Thielemansi. Hark eta beste musikari batzuek Europatik jazza konkistatu zutelako lortu dugu egun ezaugarri bereziak diten jazza izatea gure kontinentean». Juan Karlos Izagirre alkateak eman dio atzo eguerdian Jazzaldia Saria. «Harro eta hunkituta» sentitzen zela aitortu du Thielemansek: «Oso txikitatik kutsatu ninduen jazzaren birusak. Nire auzoan disko denda bat zegoen, eta jabeak esan zidan ‘Jean, Louis Amstrongen disko hau erosi behar duzu’ [Jean-Baptiste Frederic Isidor du benetako izena]. Orduan fonografoetan entzuten genituen diskoak. Tutu handi horretatik entzun nuen lehen aldiz Amstrong. Pentsa».
Lehen harmonika zergatik eskuratu zuen kontatu du: «Zinemara joan nintzen behin. Filmean, hiltzera kondenatuta zegoen preso batek harmonika jotzeko eskatu zuen aulki elektrikoan. Handik irten eta harmonika bat erosi nuen. Sosik gabe nengoen eta txiki bat erosi nuen». Jendeak, ordea, hura jostailu bat zela, eta botatzeko esan zion. ‘Zu musikari ona izan zaitezke nahi baduzu’ esaten zidaten». Eta gitarra hartu zuen. Django Reinhardt eta Al Casey jazz gitarra jotzailearen musikarekin ikasi zuen. Belgikaren askapenaren ondoren, musikari gisa lanean hasi zen Bobby Jaspar, Rene Thomas eta hainbat musikari belgiar eta holandarrekin.
Bere ibilbideko hainbat pasarte ekarri ditu gogora prentsaurrekoan. George Shearing-ekin bira egiten ari zela Quincy Jones ezagutu zuen 1952an: «Blue Note-aren garrantzia azpimarratzen zuen hark; musika afrikarra eta amerikarraren arteko nahasketa bat da finean, eta nik oso ondo ulertu nion, afrobelgiartzat baitut neure burua. Doinu belgiarrarekin jotzen dut bluesa. Jazza lengoaia afrikarra eta amerikarra da, baina afrikarra ez den jendearentzat ere baliagarria da. Hori da Blue Notearen esentzia. Bazen Indiako musikari bat ‘I have the right to sing the blues’ [Bluesa abesteko eskubidea dut] abesten zuena».
Ray Charles ere ezagutu zuen. Mr. T deitzen omen zion Thielemansi: «Telebistako pertsonaia beltz baten antza nuela esaten zidan, eta gainera nire izenak t bikoitza zuela». Charlie Parker izan zuen atzoko aurkezpenean bereziki gogoan: «Parkerrekin jo zutenen artean bizirik jarraitzen duen artista bakarra naiz».
Kursaal Auditorioko emanaldian ‘Days of wines and roses’, ‘I do it for your love’ eta ‘Bluesette’, piezak interpretatuko dituela aurreratu du. Azken abesti hau bere nortasun agiritzat aurkeztu du.
Egungo artistak entzuten ditu Thielemansek: «Musikari askok teknika izugarria dute, oso ondo jotzen dute, baina bihotza itxi egiten dute nolabait. Denborarekin konturatu naiz ni neure musikarekin hunkitu egiten naizela eta horrek erakartzen duela publikoa. Duela 25 urte Suedian Jacques Brel-en omenaldi batean parte hartzeko eskatu zidaten. Harmonikarekin emozioa adierazi nezakeen abesti bakarra ‘Ne Me Quitte Pas’ kanta zela esan nien, ezin nuela besterik jo».
Kazetariek AEBetan askotan galdetzen omen diote nolakoa den Toots Thielemans bere jaioterrian: «Irribarre bat eta malko baten artean dagoen espazio horretan nago», erantzuten die musikari belgiarrak. Beharbada dohain berezi bat duela aitortu du: «Ez dakit sari hau merezi dudan. Ni baino hobea ezin naiz izan. Picasso adibidez zen bezelakoa zen, ezin zen ez hobea ez txarragoa izan».