Jazzaldiaren ekitaldirik "distiratsuena"
Antolatzaileen datuen arabera, 115.000 ikusle izan dira aurtengo Jazzaldian, iaz baino 9.000 pertsona gehiago
Euriak hainbat emanaldi bertan behera uztera behartu baditu ere, jazzaleak leial agertu dira jaialdiarekiko: «Jendetza hurbildu da kontzertuetara; herritarrek parte hartzearekin egin dio euriari aurre», adierazi du Nerea Txapartegi kultura delegatuak. Udaletik poztasuna adierazi du jaialdiak lortutako arrakastagatik, eta bereziki herritarrei eman dizkiete eskerrak «parte hartze itzelarekin gozatu baitute ekitaldiaz, eta hori da hain zuzen jaialdiaren neurgailu nagusia, parte hartzea». Antolatzaileen datuen arabera 115.000 pertsona izan dira Jazzaldian, iaz baino 9.000 pertsona gehiago. B.B. King-en kontzertua izan zen jendetsuena; ia 41.000 lagun bildu baitziren hondartzan.
Garaile nagusia publikoa izan dela ziurtatu du Miguel Martin zuzendariak: «Euri zaparrada guztien gainetik ikusleak kontzertuetan geratu dira. Zuzenekoetan erakutsi duten jarrera eta musikaren pasioa bikaina izan da. Artistak zora zora eginda geratu dira, eta haiek ere onena eman nahi izan dute. Espero baino kontzertu hobeak izan ditugu publikoari esker».
Cyndi Lauper, Cassandra Wilson, Avishai Cohen eta Mavis Staples-en zuzenekoak aipatu ditu Martinek, hain zuzen, euri gehien egin zuen emanaldietan, Trinitate plazan. Antolakuntzak banatutako zirak jantzita ikusi behar izan zituzten zuzenekoak euripean; eta halere adi-adi jarraitu zituzten kontzertuak: «Honek musikariak eta gu geu ere hunkitu egin gaitu».
San Telmo Jazzaldiaren agertoki gisa estreinatu egin dute aurten. Perfektua ez bada ere, klaustroa, eliza eta patioa emanaldiak egiteko espazio «egokiak» direla esan du Martinek, eta baldintzak hobetzeko lan egiten jarraituko dutela.
Martinen ustez, 46 urteko jaialdiaren ekitaldirik «distiratsuena» izan da: «Artistikoki jaialdi biribila izan da. Azken hiru egunetan euria egin izan ez balu, ziur aski, inoiz izan dugun ekitaldirik jendetsuenetakoa izango zen. Halere, onenetakoa izan da».