Ulia mendiko zapelatz arrunten kopurua hazi egin da azken egunetan. Kepa Sarasolak dionez, bere etxe inguruan ibili ohi den hegazti bikoteak kumeak izan ditu.

Zapelatz arruntza. Argazkilaria: Nekane Aramendia
Bihar astebete Aieteko parkeko aintziran bi beltxarga berri zeudela argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk, Mari Karmen Ilarreta aietearrak gertakari horren berri emanda. Animalien mundua, hegaztiena zehazkiago, alde batera utzi gabe, parketik mendira jauzi egin du oraingoan albisteak. Kepa Sarasola Uliako bizilagunak mezu elektroniko bidez jakinarazi dio egunkariko lantaldeari bere etxe inguruan egun gutxi arte ezezagunak zitzaizkion lau hegazti ikusten eta, bereziki, entzuten dituela. Donostia exotiko edo basatiaren beste atal bat, beraz.
Hiruzpalau aste dira Ulia pasealekuan, mendiaren magalean, lau hegazti berri ikus daitezkeela. “Nik dakidala, lehenago ez zeuden halakoak, aurretik ez ditut inoiz oihu horiek entzun”, azaldu du Kepa Sarasolak. “Iiiiii-iiii” soinuak eginez imitatu du telefonoaren beste aldetik hauen intziria. Lau ale dira, eta hauetako bi txikiagoak direnez, kumeak izan dituztela uste du Sarasolak. Etxe gainean ibiltzen dira, eta leihotik argazkiak ugari egin dizkie Sarasolak. Entzun ere asko entzuten dituzte. “Larunbatean dezente entzun genituen etxean egonda, atzo eta herenegun euriarengatik gu bezala egongo ziren burua estalita”. Hala ere, oraingoz ez dira kexu, aitzitik, gozamena da beraientzat. “Guretzat ikusgarri! Ulian bizitzea gustuko dugu, gaueko uluak eta horrelakoak entzutea guretzat jaia da”, aitortu du uliatarrak.
Ehiza debekatzearen alde
Teilatu gainean dabiltzan arrano txikiak zein espezietakoak diren ez daki Sarasolak. “Mirotza edo zapelatzak izaten omen dira Ulian”. Irakurleak bidalitako argazkiak erabiliz, Ugatza Ornitologia Elkarteko Josema Verdugok zapelatz arrunta dela zehaztu du. Azaldu duenez, irudikoak 50 edo 60 zentimetro inguru neurtzen ditu, lepo oso motza eta buztan nahiz hegal zabal borobilduak ditu. Ornodun txikiak jaten ditu, baita intsektu eta hilikiak. Errepide inguruetan behaketan ikustea ohikoa da, bere harrapakinak telefono edo argindar posteetatik ehizatzen baititu. “Ohiko hegazti harrapakariak dira. Dakidanez, Ulian gutxienez pare bat bikote kontrolaturik dituzte”.
Poztasun berri honen iturburua, Ulian ehiza mugatu izana dela irizten du Sarasolak; hegazti kopurua hazi eta mota berriak ekarri dituelako. Ugatzako kidea, ordea, ez dago ados. “Hainbat elkarte ekologistek behin baino gehiagotan eskatu dugu ehizaren erabateko debekua, baina ezer gutxi lortu dugu. Ehiztariek bere horretan jarraitzen dute, eta aurreko Foru Aldundiak ere”. Etorkizunari begira, gainera, nahiko ezkorra da. “Parkeko jatetxe berriak ekarriko duen masifikazioarekin egoerak okerrera egingo duen beldur gara”, argitu du Verdugok. Hala ere, Ulia hegaztiez gozatzeko leku zoragarria dela baieztatu du. “Txantxangorri txikiak, zapelatz dotorea, eskinoso iheskorra, belatz azkarra edo benarriz nabarra bezalako bitxikeriak beha ditzakegu”.
Kepa Sarasolak egindako zapelatzen bideoa
hemen