SOS Bebes Robados elkartea senideren bat lapurtu zieten lagunek osatzen dute. Hauen helburua gertatutako ikertu, eta aztarnak fiskaltzaren eskuetan jartzea da.
Guztiek senideren bat bilatzen dute. Lapurtua izan zen ez badakite ere, hori dioten zantzuak topatu dituzte agirietan. Egoera berean daudenei laguntza ematen eta gertatutakoa ikertzen lan egiten duten boluntarioak dira. Senidearen bila hastean Anadir kaltetuen elkartera jo zuten, baina hainbat ezadostasunen ondorioz, bereizi eta bi elkarte berri eratu zituzten. Anadir zenaren %90ak SOS Bebes Robados elkartea sortu zuen. Nagusiki, senideren baten bila dabiltzan familiek osatzen dute, eta beste elkartean, aldiz, gurasoen bila dabiltzan lagunak gehiengo dira.
Prozesu luzea izan da, eta hiru bat hilabete besterik ez dira abian jarri zirela. 270 kaltetu inguru dira Gipuzkoan, nahiz eta kide kopurua egunetik egunera aldatzen den. Jaio berria den taldea izanik, antolakuntzari dagokionez, zeregin ugari dute. Argiñe Lopez ordezkariaren hitzetan, “elkarkide bakoitzarekin maizago jarri beharko genuke harremanetan, arazo hau oso sentimentala eta mingarria baita. Jendeak gehiago jakin nahi du, urduritu egiten da… Bilera gehiago behar dira, eta horretarako, boluntarioak”. Hauen lanari esker, joan den ostiralean erkaketak egiteko datuak biltzen hasi ziren. “Mediku, moja edo erizain batekin zenbat kasu eman diren ikusteko”, zehaztu du Lopezek.
Kaltetuen profila
Orain arteko gertakari gehienak 1960 eta 1970 hamarkadetakoak badira ere, bada 1995eko bat. “Oso-oso arraroa da. Hala ere, 1980ko hamarkadan jendeari gustatuko litzaiokeena baino askoz gehiago daude”, dio ordezkariak. Lapurreten biktimei dagokienez, hiru tipologia nagusi daude. “Lehen haurra zuten emakume gazteak, bikiak eta bizpahiru seme-alaba zituzten familia ugariak”. Horrelako egoera bizi zutenez gain, susmoa badute, lasaigarria jaso zuten emakumeei beraiekin harremanetan jartzeko deia egin du. Lapurtuak izan zirela uste dutenei berriz, bi zehaztapen egin dizkie Lopezek: “Kontuan har dezatela, haurrak ezkonberritan edo lehen urteetan izan ohi zituztela. Seme-alaba bakarra bada, eta amak 35 urte inguru bazituen, harremanetan jar dadila. Eta, batez ere, amak 50 urte baino gehiagorekin izan bazuen”.
Senidea “galdu” zutenez gain, bestelako biktimak ere badirela gogoratu du Lopezek. Izan ere, haurrak jaso zituzten gurasoek ez zekiten haurra erosten ari zirela. “Ama gazteegia zela, haurra ez zuela nahi, prostituta edo drogazalea zela… gauza asko esaten zieten, eta diru amaren ospitaleko egonaldirako-edo zela. Gehienek ez zekiten umearengatik ordaintzen zutela. Halakorik egin bazuten, esan dezatela”.
Aipatu egoerak ezagun zaizkienek, ondoko pausoak eman behar dituzte: abortuen paper sortan dokumentua bilatu, mediku informea jaso eta hilerriko sarrera idatzia. Hiru dokumentu horiekin kasua izateko zantzuak badiren jakingo dute. Hala bada, salaketa egiten dute. Jada, 115 kasu ditu fiskaltzak eskuetan. Fiskaltzak orduan, aztarnak dauden ala ez ikusi behar du. Hala bada, salatu duen pertsona deklaratzera deitu, eta epaileari emango dio kasua. “Fiskalak gurekin daude, eta arreta ematen digutela badakigu. Denetarik ikusten ari gara. Batzuk bideratu eta ikertzen ari dira. Ertzaintza bat ikertzen ari da, gutxienez, baina gehiago direla uste dut. Beste batzuk, aldiz, froga nahikoa ez daudelako artxibatu dituzte”. Prozesua oso luzea dela dakiten arren, itxaropentsu daude.
Bide horretan aurrera egiteko, erakunde, politikari eta elizako arduradunekin elkartu dira, beraien beharren berri emateko. “Orain arte empatia eta hitz politak jaso ditugu, baina ez dira egintzetan gauzatu”, aitortu du Lopezek. Hala ere, Ezker Batuak Gasteizko legebiltzarrera eraman zituela eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin izandako bilera salbuespenak dira. “Alkateak prentsa aretoa eskura jarri digu, eta beste alderdikideek entzun gaitzaten Giza Eskubideen Batzordera gonbidatu gaitu. Bestelako laguntza nola eman ere aztertuko omen du”. PSE-EEko Rafaela Romerorekin, berriz, irailean elkartuko dira. “Orain zortzi hilabete egon ginen, laguntza eskatu genuen, bozketa egin eta ezezkoa eman ziguten. Iraila hasieran joango gara, ea zer gertazen den”.
Felix Frutos-Kaltetua
Lapurtutako haurren kopurua etengabe hazten doa, eta, jada, Gipuzkoan zenbatu dituzten 270 kasuetako bat da altzatarrarena. Anaia bikia inoiz ezagutuko duen ez badaki ere, egia jakiteko borroka hasi du.
«Kaltetuoi bizitza erabat aldatu digute»
Jaiotzean anaia bikia galdu zuela uste izan du beti Felix Frutosek (Altza, 1972). Haur lapurtuen kasuak ugaritzeak, heriotza ikertzera bultzatu zuen itxaropen berria piztuz.
Gertatutakoaz zer dakizu?
Amak bikiak izan behar zituen. Lehenik ni jaio nintzen, eta handik ordu erdi-ordubetera, medikua irten zen arazoak zeudela eta amaren eta semearen artean erabaki behar zela esanez. Aitak eta osabak ama aukeratu zuten, noski. Ez zioten hilotza ez beste ezer erakutsi, eta beraiek arduratuko zirela azaldu zioten. Handik astebete edo hilabetera epaitegira galdetzera joan zen, eta denbora beharko zuela adierazi zioten.
Gurasoek zalantzarik izan al dute inoiz?
Ez. Garai hartan medikuek esaten zutenaz fio ziren. Sendagileak egoera txarra zela esan eta hala zela sinetsi zuten. Kasuak agertzen joan zirenean, ordea, sortutako susmoak egi bilakatu ziren. Aitak telebistan ikusi zuen lapurtutako haurren kontua, eta begiratzeko esan zidan. Nire lehen erantzuna ‘hilda badago, nola egongo da bizirik’ pentsatzea izan zen; baina handik gutxira, Anadirreko Flor Diazi mezu elektronikoa bidali nion nekiena kontatuz. Berak erantzun zidan beti gauza bera gertatu eta esaten zutela argitu zidan.
Hori jakinda zer egin zenuten ?
Mugitzen hasi ginen. Zein dokumentu eta non eskatu azaldu zigun SOS Bebes Robados elkarteak. Datuak biltzen hasi eta 1975a baino lehenagoko abortuei buruzko paper-sortak ez omen daude. Amak dio Mayor sendagileak artatu zuela, baina Donostia Ospitalean eman dizkiguten bi orrietan ez da ageri. Erreklamatu egin dugu, beste batzuek badituzten datuak –sendagilearen izena, gela, tenperatura…– ez baitaude. Kasualitate gehiegi daude. Bertan esan digute, ospitaleak ez duela inor ehorzten, gurasoen asurantza etxeak ez du beraien izenean inor lurperatu, hildakoaren gurutzea ez dagokion haurrari jarri zioten… Zerbait gertatu zen. Aitak gogoan du nik 2,750kg pisatu nituela jaiotzean, bietan pisu gutxien nuena nintzen, eta agirian gurutzea haur horri jarri zioten. Beraz, ni nintzateke hilda behar zuena ospitalearen arabera.
Prozesuaren zein puntutan zaudete orain?
Fiskaltzan salaketa jarri dugu, eta aita deklaratzera joateko zain gaude, berak baitaki hobekien zer gertatu zen, ni jaioberria bainintzen.
Ezustekoa izango zen zuentzat? Arrebak ez zuen sinesten. Anaiak 38 urte ditu, eta ez diogu bizi duena kendu nahi, baina nor den jakin nahi dugu.
Gurasoek nola hartu dute hau guztia? Beti hilda zegoela sinetsi dut, baina orain haurra lapurtu dieten sentsazioa dute. Ondo daramate baina hutsune horrekin.
Bera zuen bila arituko den uste duzue?
Gurasoek umetatik semea dutela esan badiote, ez da bila arituko. Hau guztia urrutikoa ikusiko du. Gurasoek, agian, zalantza izan dezakete, eta adoptatua izan zela esan. Beraiek egia esan nahi izatea da gakoa. Bestela nola egin? Ez bada elkar ikusi eta antzekoak garelako…
Kalean zure berdina den norbait ikustea kolpea izan behar da…
Non bilatu jakin behar da, ordea. Hemendik beste toki batera eraman ohi zituzten. Berak ere jakiteko nahia izan behar du. Ez naiz nire bizitzaz kexu, baina bestelakoa izango zen anaia bikia izanda. Inor ez da damutuko duenaz, baina kaltetuoi bizitza erabat aldatu digute.
Anaia ezagutzeko itxaropenik ba al duzu?
Zaila da, hartu zuten gurasoen esku dago. Egia esan eta beraiek bilatu nahi izatearen.
Justizia izango dela uste duzu?
Oso mantsoa izango da, eta akaso kostatuko zaigu ondorioak ateratzea; urte asko baitira gertatu zela. Ezkutatutako gauzak egongo dira, iristerik izango ezin duguna. Abortoena lortzea zaila bada… Justiziak gauzak ondo egiten dituela pentsatu behar da, baina nik zalantzak ditut.
Egia jakin nahi duzu, ezta?
Zer gertatu zen, zergatik eta zertarako. Medikuen eta erizainek beraien onura lortzeko egiten zuten jakin nahi dut. Norentzat izan da diru hori? Eman nahi ez zituztenei kendu zieten haurra, emakume batzuek asko sufrituko zuten haurrik izan ezin zutelako, haurra gaizki zegoela esan zietelako…