Berrehundik gora lagunek egiten dute lo kale gorrian
Egunero kalean dagoen errealitatearen argazkia erakutsi du Kale Gorrian lan taldeak: berrehundik gora lagunek ez dute aterpean lo egiteko etxerik hirian.
Rais Euskadi, Caritas, Gurutze Gorria, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kolore Guztiak, Sos Arrazakeria, Emaus eta beste hainbat elkartek eta boluntariok osatutako taldea da Kale Gorrian. Eta martxoaren 23tik 24ra Donostiako kaleetan eta Gipuzkoan barrena dauden gizarte zerbitzuetan, etxebizitzarik gabe, bazterketa egoeran zenbat lagun dauden jakiteko egindako azterketatik argazkia osatu dute.
Urrutira joan gabe, hirian bertan egoera kezkagarrian jende asko bizi dela ohartarazteko argazkia ez ezik, musutruk hurkoa laguntzeko prest dagoen herritar talde handia dagoela konturatzeko ere balio izan du ikerketak. Denera, berrehundik gora lagunek parte hartu zuten azterlanerako datuak biltzen.
455 lagun etxerik gabe
Martxoaren 23tik 24ra bitarteko azterlana egiteko, hiri osoa zeharkatu zuten, kalean zenbat lagun zegoen lotan behatzeko xedez. Kalerik kale egindako ikuskaketan 45 lagun topatu zituzten kale gorrian. Kopuru horri egun horretan Gipuzkoa osoko harrera zentro eta aterpeetan lotan zeuden 410 lagunak gehitu dizkiote eta martxoaren 23ko gauean lo egiteko etxerik ez zutenak, «gutxienez», 455 lagun zirela adierazi dute.
Gizarte elkarteetako ordezkariek gutxieneko kopurua dela azpimarratu dute, ez dutelako uste etxerik gabeko guztiengana iristerik izan zutenik. Martxoaren 23ko gauean datuak biltzen aritu zen Rais Euskadiko Ander Amunarrizek adierazi duenez, «harrigarri zen jendea zeinen ezkutaturik zegoen ikustea, oso zaila zen zenbait lekutara iristea».
Kale gorrian zeuden guztiak zenbatu ezin izan zituztenaren adierazle, hurrengo egunean etxerik gabekoak artatzeko dauden gizarte baliabideetan egindako galdeketetatik jasotako erantzunak izan ziren. Aurreko gauean Donostiako kaleetan lo egin zuten 45 lagunek oharkabean pasa zirela zehaztu zuten.
Hain zuzen, inguruan inor dabilen ohartzeko duten gaitasuna aipatu du Caritaseko Jose Antonio Lizarraldek. «Harrigarria da pasatzen duten beldurra; ez dute behar bezala atsedenik hartzen, norbaitek erasotuko ote dien beldur baitira».