Bost urtez, gurpil gainean
Egian egoitza duen bizikleta bidezko garraio enpresak hamarkada erdirako bidea egin du; bide gorabeheratsua izan den arren, pozik daude arduradunak.
Pertsona gehienek biribiltzat dute bost zenbakia, eta horrelakoak dira ere bizikleta gurpilak. Forma bera dute negozio onek. Horiek denak betetzen dira Txita enpresaren izaeran, nahiz eta beti ez den horrela izan. Ekainean iritsi zen lehen hamarkada erdia betetzera Dani Ruizek eta Gorka Matxinbarrena gidatzen duten proiektua, eta txirrindulari onen moduan aurrera begira darraite.
Beste hainbat tokitako ideia zenak, gurera egokitu ondoren, Donostian ere ondo funtziona zezakeela pentsatu zuten Ruizek eta Matxinbarrenak; ibilbide turistikoak eta garraio publikoa elkartzen zituzten triziklo-taxiena, alegia. Patxada eta ekologia ziren Txita enpresaren oinarria. Izan ere, «garraio iraunkorraren aldeko aktibistatzat» dituzte euren buruak proiektuaren arduradunek.
Egitasmoak, ordea, ahulgunea zuen, turistak oro har udara partean izaten dira hirian, eta urtaroen ziklo borobilean hutsune handiegia gelditzen zen. «Gogorra izan da oso, baina orain ondo ari gara, eta pozik gaude».
Enpresa txikiek hirugarren urtean omen dute mugarria. Proiektu gehienek hori baino lehenago erabakitzen baitute zirt edo zart egin behar duten. Garai horretan hasi ziren Ruiz eta Matxinbarrena beraien negozioaren norabidea zehazten. Donostian turistak uda-partean bakarrik daude, baina merkantzien mugimendua etengabea da urteko 12 hilabeteetan.
Paketeria zerbitzua
Hori gogoan, eta mediora egokitzeko duten erraztasuna baliatuta, merkantziak garraiatzeari ekitea deliberatu zuten. Supermerkatu kate batekin harremanetan jarri eta lehen merkantzia-txitak kalera irten ziren. «Gero paketeria zerbitzua jarri genuen abian». Bilbon hiru lankide dituzten arren, argi dute helburua: «Nahi duguna zera da; Donostian ondo errotu, eta gero gerokoak».
Pedalei eragitea ez da denbora honetan zailena izan. Matxinbarrenak zehaztu duenez, «atari zabalean egotea da gogorrena, orain eguzkia, orain euria…». Bestalde, urte hauetan istripu larririk ez dutela izan esatean, poza nabari zaio Txitaren arduradunari. Izan ere, proiektu osoan garrantzitsuena pertsonak direla uste baitute enpresaren arduradunek.
Bizikletan bezala, negozioetan aritzeko oreka ezinbestekoa da, eta, azken urtean merkantziekin lortutako lanari kasu egin ahal izateko, udako pertsonen garraioa atzeratu egin behar izan dute. Hori dela-eta, uztailean hasi ohi duten zerbitzuari abuztuaren 1ean ekingo diote aurten.
Urtaroen gurpilak beste buelta bat eman du, bosgarrena; baina dirudienez, urtetik urtera itzulbirak luzeagoak dira.