Erdia baino gehiago falta zaio oraindik
Gipuzkoako Traineru Txapelketan, itsaso zakarrean ongi moldatzen dela agerian utzi zuen Donostiarrak; Ligan erakustaldi bikainik egiteko aukerarik izan ez badu ere, abuztua arte badu noiz erakutsi.
Donostiarra-Kaiarriba, KAE-1 Liga
Jokatutako estropadak:
Ekainak 26, Errioxako XIV. Bandera.
1. Portugalete, 19:39.22.
7. Donostirra: 20:21:10.
Uztailak 2, Portugaleteko XXX. Bandera.
1. Portugalete, 20:04.87.
5. Donostiarra: 5, 20:22.29.
U-3, Santurtziko Udalaren XXXII.
1. Portugalete, 20:03.83.
5. Donostiarra, 20:41.11.
U-6, Bixigu Festako IV. Bandera (Orio).
1. Portugalete, 19:42.88.
5. Donostiarra, 20:08.62.
U-17, Donostiarra-Kaiarriba.
1. Lekittarra, 23:39.55.
4. Donostiarra, 24:32.34.
U-24, XXVI. BBK Sari Nagusia.
1. Portugalete, 20:43.02.
7. Donostiarra, 21:37.84.
Datozenak:
U-31, Algortako Portuzarra VIII. Bandera. 17:00etan.
A-6, Laredoko XIII. Bandera.
A-13, Zarauzko II. Bandera.
A-15, Plentziako XXIII. Bandera.
A-20, Bilboko XXXIV. Bandera.
A-21, Hondarribiako XVI. Bandera.
A-27, XXVIII. Bandera.
A-28, Santoñako Udalaren Bandera.
Euskadiko Traineru Txapelketa izan da Donostiarrak jokatutako azken estropada. Bertan parte hartze hutsa, ezustekoa izan zen Jose Ramon Mendizabalek, Mendik, zuzentzen duen koadrilarentzat. Lekeition izan zen lehia, eta txapelduna, Urdaibai. Donostiarra irabazleengandik bi minutura geratu zen, zortzigarren postuan. Lehen txandan lehiatu zen, Orio, Isuntza eta Santurtzirekin; eta Oriorengandik 41 segundora geratu zen. Ez dago batere gaizki, ontzi guztiak TKE Ligan diardutela kontuan izanik. Oparia uztailaren 13an jaso zuen Torrekua ontziak, orduan jokatu baitzen Kontxan, Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Arraunlariek lanak egin behar izan zituzten olatuei aurre egiteko. Hiriko traineruari apostua ezin hobeto atera zitzaion. Hondarribiak eraman zuen bandera, eta ustekabean lau ontzi onenen artean sartu zen Donostiarra. Saria, Euskadiko Txapelketarako sailkatzea izan zen, San Juan edota San Pedro bezalako traineruak kanpoan utzita.
Ligak luze joko du
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak alde batera utzita, KAE-1 Liga da, Donostiarraren benetako maila agerian ikusteko lekua. Mendiren gizonak azaroaren 17an hasi ziren gogor entrenatzen, iazko talde berdintsuarekin. Horixe zen, hain justu ere, entrenatzailea gehien pozten zuena: «Donostian ohikoa ez zena lortu dugu, iazko taldearen oinarria mantentzea», adierazi zion Irutxuloko Hitzari denboraldi hasieran.
Ekainaren 26an abiatu zen Liga, eta ordutik marka handirik lortu ez badu ere, Ohorezko Txandan sartu eta atera ibili da. Momentu honetan, Portugalete da Ligako liderra, 70 punturekin. Bere atzetik, Zierbena, Lekittarra, Santurtzi, Donostiarra, Zarautz, Deusto, Santoña, Hondarribia B, Orio B, Arkote eta Getxo daude, hurrenez hurren. Donostiarra, beraz, sailkapeneko bosgarrena da, 45 punturekin. Ohorezko Txandara itzultzeko, 53 puntu dituen Santurtziri aurre egin beharko dio.
Edonola ere, Donostiarrak ez du gustuko tokian arraun egiteko aukera handirik izan. Gipuzkoako txapelketan argi ikusi zen bezala, itsaso zakarrean moldatzen dira ongi arraunlari donostiarrak. Horretara ohituak baitaude. Liga hasieran, ordea, ez dute maila hori askotan erakusteko aukera izan. Izan ere, Errioxako Bandera, El Rasilloko urtegian jokatu zuten. Estropada baterako ez da ohiko tokia urtegia, olaturik gabea eta sakonera gutxikoa. Hala, zazpigarren tokian geratu zen Donostiako ontzia. Hurrengo lehietan ere, itsaso gutxi ikusi dute KAE Ligako partaideek. Hala ere, bosgarren eta laugarren postuetara iritsi da Donostiarra.
Orain arte, guztira, Ligako sei estropada jokatu dituzte, eta horietako bost bandera Portugaletera joan dira: Errioxakoa, Portugaletekoa, Santurtzikoa, Oriokoa eta Lekeitiokoa. Donostian jokatutakoa, ordea, Lekittarrak eskuratu zuen. Modu batera edo bestera, Mendik denboraldi aurrean aurreikusitakoa betetzen ari da. «Liga bi multzotan banatua ikusten dut. Batetik, Santurtzi, Portugalete, Lekittarra, Zierbena, Zarautz, Deusto eta gu egon gaitezke, goiko postuengatik borrokan».
Donostiarrek banderaren bat lortzea, agian gehiegi eskatzea litzateke, baina itsasoan ez du inork agintzen. Ohorezko Txandan egonkortu eta orain arte aurretik izandako ontziren bati aurrea hartzea, ez litzateke gutxi. Oraindik badu denbora Torrekuak gehiago erakusteko, Ligako beste zortzi estropada geratzen baitzaizkio. Igande honetan bertan izango du hurrengo lehia, Algortan, 17:00etan. Horixe izango du hain zuzen ere, asteburuko estropada bakarra. Kontxako estropada arte, badu lana.