Margolanen lehen zirriborroak eta pintzeladak erakutsi ditu Abalosek
Mirakontxa pasealekutik, bere leku kuttunenetik begiratu zion hiriari duela bi urte. Bertatik margotutako badiako paisaiak erakutsi zituen Ekain arte lanak galerian. Orain proiektu berri batekin itzuli da Jose Manuel Abalos (Gros, 1947) Parte Zaharrera; Pintatzailearen sukaldea izena du azken erakusketak. Margolariari bere kabuz ateratzen zaion hori guztia jaso du: «Zirriborroak, marrak… Koadro bat egiteko egiten dudan aldez aurreko lan hori guztia erakutsi dut lehen aldiz. Oraingoan zirriborro horiek koadro gisa ikusi ditut; gustuko ditut, eta bere horretan utzi ditut. Aldez aurretiko lana beste koadro batekin estali ohi dut, baina oraingoaz ez. Begira, seme bat jaiotzen denean ba hura hezten saiatzen zara, baina jaioberria hazi egiten denean ba espontaneotasuna galdu egiten du. Antzeko zerbait gertatu zait margolan hauekin. Finean, nire pinturaren esentzia dira», azaldu du Abalosek.
Miguel Angel Alvarez margolariaren erakusketa baten izenburuak eman zion proiektu honetan lanean hasteko ideia: «Nire lagun mina zen, eta duela gutxi hil zen, hain zuzen, Ekain galerian erakusketa prestatu zuenean. Marrak eta zirriborroak izena zuen bilduma hark, eta inspiratu egin ninduen. Nik beti gorde egiten nituen lehen proba eta zirriborroak, eta haren lanak ikusi nituenean ‘zergatik ez?’ pentsatu nuen». Abalosen ustez, erabiltzen ditudan kolore paleta «bikain» ikusten da erakusketa honetan: «Pinturaren sukaldean nola lan egiten dudan ikus daiteke».
Olioarekin margotzen duenean lau koadro egin ohi ditu aldi berean, baina erakusketa honetan egun berean hasi eta bukatu dituen lanak daude: «Banan bana egindako lanak dira. Egun batean hasi eta bukatu ditudanak. Olioarekin lan egiten baduzu denbora pasatzen utzi behar duzu hura lehortu eta lanean jarraitzeko, horregatik hasten zara beste zenbait margolan egiten. Hauek, ordea, ez ditut horrela egin».
80ko hamarkadan hasi zen Abalos margotzen: «Etxean pintatzeko ohitura dut. Etxean, familiarekin, eta zaratarekin». Urte asko eman ditu pinturaren munduan: «Askotan gauzarik garrantzitsuena oso landuta dagoen koadro bat egitea dela uste dugu. Baina orduan putz egiten duen erlojugilearen istorioaz gogoratzen naiz. Erloju bat eramaten diozu konpontzeko. Ireki egiten du, putz egiten du, eta konpondu egiten du. Hogei euro kobratzen dizkizu eta harritu egiten zara: ‘Nola hogei euro? Segundo batean konpondu duzu eta’. Baina jakina, erlojugileak esaten du ‘50 urte eman ditut non putz egin behar dudan asmatzeko’. Eta hori gertatu da oraingoan. Agian lehen ez nintzen ausartuko lehen pintzelada eta proba horiek erakustera, baina orain bai».
Paisaiak begiratu eta bere «kobazuloan» margotu dituela esan du: «Bisonteak margotzen zituzten historia aurreko pertsonek bezala. Naturan ikusten zutena kobazulo barruan margotzen zuten ondoren».
Egunsentian, eguerdian eta eguzkia sartzen denean sortzen den argia aztertu ditu. Argia eta kolorea: «Batzuk errealitatetik urrun daude. Lainotutako egunak adibidez modu abstraktuan islatu ditut. Ez dago irudirik eta koloreak erabat difuminatu ditut». Kontxako badia da erakusketan gehien errepikatzen irudia, baina beste hainbat marrazki ikus daitezke: Urumea ibaia, Parte Zaharra, Gipuzkoa plaza…
Margolanak saltzeko garairik onena ez dela aitortu du Abalosek, baina pinturaren «momentu ederra» dela uste du: «Bide berriak urratzen ari dira artistak. Ni neu pintatzeko gogotsu nago. Oso erakusketa onak eta margolari bikainak daude».
Ekain arte lanak galerian aurkeztu dituen olioak osagarriak dira Nautikoan zintzilikatu dituen lanekin. Bi bildumak abuztuaren 28a arte izango dira ikusgai.