Terence Davies eta Sarah Polley, Zinemaldian
Oraindik ez dute zerrenda osoaren berri eman, baina jada plazaratu dituzte hurrengo Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film. Urrezko Maskorra eskuratzera etorriko dira Erresuma Batua, Japonia, Mexiko, Kanada, Frantzia, Txina eta Greziako ekoizpenak, besteak beste. Terence Davies zuzendari britainiarraren azken lana, ‘The Deep Blue Sea’, izango da horietako bat. Zinemaldiak, hain zuzen, haren filmografiari eskainitako atzera begirakoa prestatu zuen 2008ko ekitaldian. Izen bereko antzerki obraren zinemarako egokitzapena da, eta Rachel Weisz aktorea da protagonista. Beste gizon batekin maitemindu den emakume ezkondu baten gatazka emozionala kontatuko du. Japoniatik Hirokazu Kore-eda etorriko da Kiseki filmarekin. Ilusio handi bat duen hamabi urteko mutil baten istorioa du ardatz. Gurasoak banandu zirenetik anaia urrun bizi da, eta berarekin elkartu nahiko du protagonistak.
Arturo Ripstein zuzendari mexikarrak Las razones del corazon lana erakutsiko du. ‘Madame Bovary’ eleberriaren azken atalen egokitzapen askea eta pertsonala egin du. Ripsteinek birritan eskuratu du Urrezko Maskorra, ‘Principio y fin’ (1993) eta ‘La perdicion de los hombres’ (2000) filmeekin. Kanadako Sarah Polley aktore, zuzendari eta ekoizlea ere izango da Donostian, ‘Take this waltz’ drama erromantikoarekin. Zuzendari Berriak sarirako hautagaia da filma.
Julie Delpy aktore eta zuzendari frantziarrak, berriz, bere laugarren lana aurkeztuko du, ‘Le Skylab’. 70eko hamarkadan girotuta dago, eta familia baten bilera bati buruzko komedia nostalgikoa da. Txinatik Wang Xiaoshuai zinemagilearen ’11 Flowers’ filma helduko da. Mao Zedong hil aurreko garaia kontatzen du haur baten ikuspegitik. ‘Americano’, berriz, Frantziako ekoizpena da. Mathieu Demy du protagonista. Salma Hayek, Geraldine Chaplin eta Chiara Mastroianni ere aktoreen taldean daude. Ana Katz zuzendariak Argentinako ‘Los Marziano’ filma ekarriko du. Familia giroko komedia gazi gozoa da; aspaldi haserretutako bi anaien istorioa kontatzen du. Joao Canijok ‘Sangue Do Meu Sangue’ aurkeztuko du, Lisboan girotutako drama gogorra du ardatz. Filippos Tsitos-ek ‘Adikos Kosmos’ ekoizpen greziarra aurkeztuko du; eta Bjorn Rungek, Happy End, suediarra.