Irailerako DYAren gizarte zentroko lanak abian egotea espero dute
DYA erakundeak gizarte zentroa eraikiko du Errotaburun, elizaren aurrean. Hiru solairu izango ditu eta boluntariak trebatzeko nahiz ikastaroak antolatzeko gunea izango da. Bi milioi euroko inbertsioa egingo dute eta lanak irailerako abian egotea espero dute. 2012rako zabalik egongo den eraikinean, beraz, sorospen ikastaroak, drogek eragin ditzaketen kalteen inguruko hitzaldiak edota gazteentzako kanpaldiak prestatuko dira. Ekintza horietarako, solairu nagusia egokituko dute. Behekoan, biltegia eta hogei anbulantzientzako lekua egongo da. Goikoan, berriz, bulegoak, aretoak eta hamaika jarduera egiteko terraza izango dute.
Egitasmoak Errotaburun aukera berriak zabal ditzakeen arren, eraikina altxatzeko aukeratu duten lekua ez da bizilagun askoren gustukoa. Miguel Anjelen esanetan, «leku zoragarria da aukeratu dutena, 20-30 urteko zuhaitzak ditu». DYA eta proiektuaren aurka deus ez dutela argi utzi badu ere, inguruan leku aproposagoak daudela jakinarazi du. «Zuatzuko enpresa gunera bidean sasiz beterik dagoen saila izan daiteke egokia», dio. Aukeratutako tokia alda dezaten, sinadurak biltzen aritu dira, berrehun bat lortu dituztela jakinarazi du.
Bizilagun horiek izan ditzaketen beldur eta kezkak argitzeko, bilera egingo dute gaur udal ordezkariek eta bizilagunek. 19:00etan izango da, Espiritu Santuaren parrokiako azpialdian. «Proiektuaren inguruko uste oker batzuk bertan behera utziko ditugu», azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Besteak beste, eremuko zuhaitz guztiak bota eta aparkatzeko lekuak kenduko dituztenaren baieztapenak «okerrak» direla aditzera eman du. Argibideak ematearekin batera, bizilagunen iradokizun eta aldarrikapenak entzungo dituzte.
Hirigintza zinegotziak, Ricardo Burutaranek, era berean, DYAko egoitzak beteko duen funtzioa azpimarratu du: «Zentru honetan DYAren bulego nagusiak jaso ez ezik, hezkuntza eta gizarte jardueretarako gune izango da ere».