‘Alkateak’, inoiz baino distiratsuago
Añorgako erraldoiak Donostiako zaharrenak dira; Jordi Grau artisau kataluniarrak beren 68 urteek eragindako kalteak desagertarazi ditu, auzoko kaleak alaitzen jarrai dezaten. Abuztuaren bukaera arte Rezola museoan egongo dira ikusgai.
Añorgako jaiak joan dira, baina Añorgako erraldoiek inoiz baino distiratsuago jarraitzen dute Rezola museoan. Hain zuzen ere, Añorgako kultur eta kirol elkartearen ekimenez, ohorezko alkateak berritu dituzte eta urteek eragindako kalteak desagertze aldera, Terrasako Jordi Grau artisauaren eskuetatik pasa dira. «Gaur egun, Donostian dauden erraldoi zaharrenak dira, baita Gipuzkoako zaharrenetarikoak ere», azpimarratu du Ketxu Marañon elkarteko kideak.
Rezolaren oparia
Añorgako erraldoien historia Cementos Rezola enpresaren historiari lotuta dago, neurri handi batean. 1906an, Cementos Rezola auzoan kokatu zen; ordura arte Añorga landa-auzoa zen, baina garai hartan langile asko enpresak berak egindako etxeetan bizitzera etorri ziren. Ildo horretan, urte batzuk geroago, 1920ko hamarkadaren hasieran, Añorgan jaiak antolatzen hasi ziren, hori bai, erraldoi propiorik gabe; «beste herri batzuetatik ekartzen zituzten; Zarautzetik, esaterako».
1940ko hamarkadatik aurrera, Rezolak indar handia hartu zuen, arrakasta itzela izan baitzuen, eta diru asko inbertitu zuen auzoan: «Enpresa paternalista zen eta auzoan gizarte-lan handia egiten zuen; zarzuelak ikusgai zeuden, futbol-zelai eta frontoia eraiki zituzten, etabar».
1943an, baina, Julian Rezolak zerbait gehiago egitea erabaki zuen, eta hori erraldoiak erostea izan zen. Bartzelonako Casa del Ingenion erosi zituzten, eta bertan, oraindik ere, beren moldeak eskuragarri daude.
Erraldoiek auzoko ohorezko alkateak irudikatuko zituztela erabaki zuten; «Alkatea, kapela luzearekin, jaka eta kaparekin, eta bere emaztea, baserritar edota neskaz jantzita».
Jairik jai
1990eko hamarkadaren hasieran, erraldoien egoera kaxkarrak neurriak hartzera behartu zituen: «Kolperen bat edo beste zuten, eta gure kabuz margotu eta, konpontzen saiatzen ginenez, asko itxuraaldatzen ari ziren. Gainera, harri-kartoian eginak zeudenez, euria ere ez zuten ondoegi jasaten. Hortaz, poliesterrean erreplikak egitea erabaki genuen».
Añorgako erraldoiak auzoko jai eta ospakizunetan erabili izan dituzte. Urteetan zehar, Arronako jaietara eramateko besterik ez zituzten bertatik atera. Izan ere, han Rezolak beste lantegi bat zuen. Duela bost urte, ordea, Irrintzi konpartsarekin hartu-emanean hasi ziren eta, koadrila finko bat osatu ondoren, bikoitzekin herriz herri joateari ekin zioten.
Esperientzia primerakoa izan zen. Izan ere, jendeak zein gustuko zituen konturatu ziren: «Jendearen arreta erakartzen dute nonahi, erraldoi askok errege-erregin itxura baitute eta gureak bestelakoak baitira».
Honek, era berean, erraldoi originalak berreskuratzera bultzatu zituen: «Oso pozik gaude artisauak egindako lanarekin. 60ko hamarkadako erraldoien argazkiak ditugu, koloretan, eta oso antzekoak daude. Geruzak kontu handiz landu ditu».
Dena den, lana ez da bukatu. Erraldoien eraberriketa biribiltzeko, Grauk, estruktura hobe batzuk egiten ari dizkie. Ondoren, beren hastapenetan zituzten jantzien ahalik eta antzekoenak egingo dizkiete.