Luxuzko txirrindulariekin
Donostiako Klasikoa larunbatean egongo da jokoan eta puntako partaideak izango ditu
Urtero legez, udara iristearekin batera, hemen da Donostiako Txirrindularitza Klasikoa. Aurtengoa, 31. lasterketa izango da eta larunbatean jokatuko dute, 11:00etan hasita. Guztira, 234 kilometro izango ditu ibilbideak. Beraz, 17:00ak inguruan irits daitezke txirrindulari azkarrenak Bulebarreko helmugara.
Partaideek ibilbide luzea izango dute aurretik eta, betiko legez, Jaizkibeleko igoera izango da zatirik gogorrena. Bereziki, sei mendate izango dira nabarmentzekoak; lehen mailako bi (Jaizkibeletik bi aldiz igaroko baitira), bigarren mailako hiru eta hirugarren mailako bat.
Edozer gerta liteke
Donostiako Klasikoa UCIren Pro Tourraren barnean sailkatua dago; bigarren mailako klasikoa bezala. Gaur egun arte, erretiratua dagoen euskal txirrindulari bat da txapelketa gehienetan irabaztea lortu duena: Marino Lejarreta. Hiru txandatan izan zen txapelduna Lejarreta; 1981ean, 1982an eta 1987an.
Luis Leon Sanchez, iazko txapelduna, garaipena errepikatzeko gogoarekin etorriko da Donostiara. Edonola ere, ez du batere lan erraza izango. Izan ere, tartean izango baitira lasterketa irabazteko hainbat faborito: Samuel Sanchez, Damiano Cunego, Joaquin Rojas, Thor Hushovd, Peter Velits, Philippe Gilbert eta Joaquin Rodriguez eta Schleck anaiak, besteak beste.
Iazko podiumeko bigarren tokian, Aleksandr Vinokourov geratu zen. Kazajistandarrak eroriko larria izan du aurtengo Tourrean eta, errekuperatu gabe jarraitzen duenez, aurten ez da klasikoan izango. Zehazki, Tourreko bederatzigarren etapan izan zuen istripua, Pas de Peyrolen. Iaz, podiuma osatzen bukatu zuena, hau da, hirugarren sailkatua, Carlos Sastre izan zen, eta aurten ere lehian izango da.