Piraguen etxea zabalik dago
Fortuna Kirol Elkarteak Kontxan zuen egoitza berritu eta inauguratu du; milioi eta erdi euroko mailegua eskatu behar izan du klubak lanak egiteko, eta 2070. urtea arte izango du lokalaren kudeaketa.
Guztiz bukatu gabe dagoen arren, Kontxako egoitza berritua inauguratu eta irekitzea erabaki du Fortuna Kirol Elkarteak. Halaxe egin du gaur eguerdian. Beraz, Donostiako uretan barrena piraguan ibiltzeko, ez dago inolako aitzakiarik. Eguerdiko 13:00etan, lokalaren aurrealdean, Fortunako hainbat kide bildu dira. Aurreskuak eman dio irekiera ekitaldiari. Ondoren, Fortunaren koloreak dituen zinta moztu du Enrique Cifuentes klubeko presidenteak. Urte berezia da Fortunarentzat, mendeurrena ospatzen ari baita, eta zer hobe horretarako, Kontxako erabiltzaileentzako tokia egokitzea baino.
Behin gonbidatu guztiak barruan zeudela, hitza hartu du Cifuentesek: «Udaran irekitzea erabaki dugu, ohiko erabilerakoa bihurtu aurretik. Fortunaren urte historikoaren barruan, egun historikoa da gaurkoa». Azken hilabeteetan itxia egon da egoitza, berritze lanak egin ahal izateko. Izan ere, 2010eko irailean Fortunak irabazitako lehiaketari esker, 2070. urtea arte lokala kudeatuko du. «Jende askoren lanari esker lortu dugu helburua; eta mugimendu gehien izango duen Kantauriko piragua egoitza izateko prest dago». Edonola ere, hasieratik lan zaila izan zela onartu zuen, milioi eta erdi euroko mailegua lortu behar izan baitzuten. Irekieran, egungo udal ordezkaririk egon ez bada ere, Odon Elorza alkate ohiaren bisita jaso du Cifuentesek azken unean.
Itsasoa, aspaldiko tradizioa
Fortunak lotura estua izan du historikoki itsasoarekin eta itsas kirolarekin. Kontxako hondartzako egoitzaren helburua herritarrei itsas kirolak modu erosoan gerturatzea izan da.
Ehundaka ontziren gordeleku eta babesleku izango da, bai piraguak, bai itsasoko kayak ere jasotzeko; aldagelak ere bertan dituelarik. Ikastaroak antolatzen jarraituko du klubak, eta Itsasoko Kayak taldeak bertan finkatuko du eskola aurrerantzean ere. Gaur egun, egoitzak 300 erabiltzaile baino gehiago ditu, eta hainbat herri proben abialeku da: Getaria-Donostia piragua zeharkaldia edota Pasealeku Berriko eta Haizearen Orraziko igeriketa zeharkaldiak, besteak beste.