River Andorrarekin, beste urtebeterako
Jon Santamaria saskibaloi jokalari donostiarrak Zilarrezko LEB mailan jokatzen jarraituko du
Donostiar ukitua duen Euskal Selekzioak bira egingo du Argentinan
DJon Santamariak euskal selekzioarekin Argentinarako bidea hartu du. Bertan, lagunarteko hainbat partida hitzartuak baititu taldeak, Pablo Lasoren aginduetara.
Gaur goizean hartu behar zuen selekzioak hegazkina, Argentinan barrena bira egiteko. Hiru partida jokatzekoak dira, Argentinako A eta B taldeen aurka, eta Cordobako selekzioaren aurka. Uztailaren 31ean, eta abuztuaren 4an eta 7an jokatuko dituzte partidak. Deialdia 12 jokalarik osatzen dute eta, Santamariaz gain, beste donostiar bat ere badago; Jon Kortaberria. ACBn jokatzen duen jokalari donostiar bakarra da oraingoz Kortaberria. Azken bi denboraldiak Fuenlabradarekin osatu ditu. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko Lander Lasa eta Javi Salgado ere deialdian daude.
Jon Santamaria saskibaloi jokalari donostiarrak River Andorran jokatuko du datorren denboraldian ere. Iaz iritsi zen taldera, Sergi Perezen hutsunea betetzeko, Liga hastear zela; ADT Tarragonatik. Astelehenean, beste urtebetez luzatu zuen bere kontratua. Fede Bavosirekin batera, taldeko joko-antolatzailea izango da, beraz. Hala, Joan Peñarroya taldeko entrenatzaileak, bi jokalari garrantzitsu ditu bere proiektu berrirako. Lehenengo Pablo Sanchez hegalekoari kontratua berritu zioten, gero bi joko-antolatzaileen fitxaketak iritsi dira. Zilarrezko LEB mailako taldea da River Andorra, hau da, Espainiako hirugarren mailarik gorenena. Bitxia da, hala ere, ligak oraindik ez dakiela, ez zenbat taldek osatuko duten, ez egutegia zein izango den.
Santamariak hasieran, agian, ez zuen uste bezain ongi erantzun, baina play offean egin zuen lanak, aho asko isilarazi zituen. Liga erregularreko 28 partidatan, 3’14 puntuko batezbestekoa lortu zuen partidako. Play off-eko 13 partidetan, aldiz, sekulako datuak utzi zituen. Partidako 11 puntuko batezbestekoa lortu baitzuen, besteak beste.
Lan Mobel Iraurgiren, GBCren harrobiko taldea, eskaintza jaso zuela onartu zuen jokalariak berak. Dirudienez, ordea, Santamariak oso argi izan zuen hasiera hasieratik; Andorran jarraitu nahi zuen. «Adostasuna lortu dugu eta astelehenean sinatuko dut jarraipen kontratua. Bi aldeek asko jarri dugu eta pozik gaude elkarrekin jarraitzeaz», adierazi zuen jokalariak aurreko astean. «Jokalari indartsuak dituen taldea gara, eta Joan Peñarroyak garrantzia handia du horretan. Zaleengan ilusio zabaltzen jarraitzea espero dugu».
Maila guztietatik igarotakoa
Jon Santamaria Bengoa, Donostian jaio zen, 1982ko maiatzaren 8an. Beraz, 29 urte ditu gaur egun, eta 1’95 metro neurtzen ditu. Bere gurasoak ere saskibaloi jokalariak izan ziren: Ramon Santamaria eta Imelda Bengoa. Berak, gaztea zela ekin zion saskibaloian jokatzeari, eta Gipuzkoa Basketen jokatzera ere iritsi zen.
Askatuakeko beheko mailetan hasi zen eta Valencia Basketeko beheko taldeetan ere jokatu zuen. 1999-2000 denboraldian, Baskoniako Junior taldean aritu zen. Valentziarekin jauzia eman zuen EBA mailara, eta Gipuzkoa Basketen eskutik Zilarrezko LEB mailan jokatu zuen, 2001-2002 denboraldian. EBA eta LEB mailetako hainbat taldeetatik igaro ostean, ACBko lehen esperientzia izan zuen, Baskoniarekin. Gutxi iraun zion, ordea, 15 eguneko kontratua baino ez baitzen izan. Gipuzkoa Basketekin LEBetik ACBrako igoera bizi izan zuen; baina goi mailan urtebetez gozatu ostean, berriro ere jaitsieraren lekuko izan zen. Ordutik ez da berriro ACBn jokatzera iritsi.