Gurea da Kontxa!
Bederatzi urteotako marka guztiak gainditu ditu aurtengo Abordatzeak; ehundaka ontzi, 4.000-5.000 lagun artean, abiatu dira Kaitik badia konkistatzeko helburuarekin.
Eguzkiak uda osoan lortu ez duena ordu gutxitan lortu dute piratek: Kontxa konkistatzea. Itsasontzi handi eta dotoreak museoan utzi eta irudimenez eta gogoz beteriko ontziek ito dituzte hondartza eta badia inguruak.
2002an itsasoratu zirenetik Aste Nagusiko egitaraua abordatzea lortu dute eta jaietako ekitaldirik arrakastatsuenetakoa bilakatu da. Aurten, gainera, jai egunarekin bat egin du eta inoiz baino parte hartzaile gehiagok jantzi dute pirata txanoa. Denera, 150 ontzi baino gehiago ibili dira badiako uretan, 4.000-5.000 lagun, kalkulatu du Aratz Trecet Donostiako Piraten ordezkariak. Parte hartzaileen artean gazteak zein helduak, aurpegi anonimoak zein ezagunak izan dira. Azken hauei dagokienez, besteren artean, Ramon Agirre eta Aizpea Goenaga aktoreak, Igor Otxoa musikaria edota Joseba Alvarez militante abertzalea itsasoratu dira.
Marka guztiak gainditu dituzte, behin probatu duenak hurrengo urteetarako pirata sena barneratu duelako, eta aurreko urteetan barandan begira zeuden askok probatzeko gogoari ezin izan diotelako eutsi. Karlak, Maiderrek eta Uxuek urteak eman dituzte piraten zeharkaldia gertutik jarraitzen. 13 urterekin, bada, Pirata Txikiak taldea osatu eta euren ontziarekin Kaitik hondartzara heltzeak dituen zailtasunak lehenengoz bizitzeko aukera izan dute. Interneten irakurritakoarekin eta gurasoek ontzia egiteko eskainitako laguntzarekin, eskarmentu handiagoa zuten piratekin batera aritzeko arazorik izango ez zutela zioten uretan sartu baino lehen.



