Mustafic eta Oñatibia izan dira helmuga zapaltzen lehenak
Pasealeku Berriko 43. Zeharkaldia jokatu dute 400 igerilari baino gehiagok, eta olatuei aurre egin behar izan diete, Kontxara iristeko; Haurrak kaitik atera dira eta helduak, berriz, Zurriola hondartzatik.
Kirol lehia ugari egoten dira jokoan Aste Nagusian, eta igeriketa izan da gaurko protagonistetako bat. Pasealeku Berriko 43. Zeharkaldia jokatu dute goizean, eta Adnan Mustafic eta Ainhoa Oñatibia izan dira igerilari azkarrenak. Urtero legez, Zurriolan hasi eta Kontxara iritsi arte igerian aritu dira partaide helduak, 2.959 metroko ibilbidea osatuz. Haur mailako kideak, berriz, Kaitik atera dira, eta Kontxara iritsi bitarte, 650 metroko ibilbidea osatu behar izan dute. Fortunak antolatzen duen probak, urtero bezala, sekulako arrakasta izan du, 400 igerilari baino gehiago elkartuz.
Irteera lekura iristeko, baltsak osatzen ari ziren piraten artetik igaro behar izan dute igerilari gazteek. Izan ere, Kaiko arrapalaren inguruan zuten hasiera gunea, Gurutze Gorriaren egoitza parean. Guztiak txano zuriak buruan zituztela, zintzo-zintzo zain egon dira uretan, 11:00ak noiz iritsiko. Epaileak agindua eman bezain laster ekin diote ibilbideari. Aurrera egin eta bandera berdeak jarraituz iritsi dira Kontxara. Zaleak ez zitzaizkien falta, lurretik animoak emanez.
Hondartzako irteera, gogorra
Helduen txanda iritsi da ondoren, 12:00etan. Igerilari eta ikusleek bat egin dute Zurriolan, Kursaaleko terrazen parean. Ordua noiz iritsi zain egon dira guztiak hondarretan, plastikozko zintaren atzean. Irteera ematean, korrika atera dira partaideak, baina uretara iritsi bezain laster, arazoak izan dituzte. Zaila izan da partaideentzat itsasoan barneratu eta aurrera egitea. Olatu ugari baitzeuden, eta hondarretara bultzatzen zituzten igerilariak. Hala nola, ordea, aurre egin behar izan diote itsasoari, ia hiru kilometroko ibilbidea osatuz.
Gora-beherak tarteko, 12:30ak pasatxo ziren lehen partaideak Kontxara iritsi direnean. Adnan Mustafic izan da lehena, baina bere atzetik segituan iritsi dira Peru Alfaro hernaniarra eta Jaime Caballero donostiarra. Mustafic bizkaitarra da, Berrizekoa, eta Irutxuloko Hitzari adierazi dioenez, proban parte hartzen zuen lehen aldia zen: «Aurreko urteetan, beste proba batzuekin bat egiten zuelako edo oporretan nengoelako ezin izan dut etorri. Aurten, jai eguna izanik, etortzea erabaki dut». Gainera, hiru egunetan irabazi duen hirugarren proba du Donostiakoa. «Bermeoko eta Pielagoseko probak irabazi ditut aurreko bi egunetan», adierazi du pozik garaileak. «Esperientzia polita izan da. Olatuekin gogor borrokatu behar izan dugu, baina indartsu etorri naiz», gehitu du bizkaitarrak. Bukaeran, gainera, aurkarien pisua nabaritu duela onartu du. «Sorbalda mindua nuen eta beste biak gainean nituen». Caballero itsasoan igeri egitera oso ohitua dago, sekulako erronkei aurre egin izan baitie. Hala ere, probaren gogortasuna onartu behar du, «oso polita izan da, baina olatu asko izan ditugu eta ur trago asko joan zaizkit barrura».
Emakumezko azkarrena, berriz, Ainhoa Oñatibia donostiarra izan da. Azken bi urteetan proban parte hartzeari utzi bazion ere, itzultzea irabazi du. Hala, seigarren aldiz parte hartu eta seigarren garaipena lortu du. «Pasealeku Berriraino iristea izan da gogorrena, ordura arte olatuak aurka izan baititugu. Hortik aurrera iritsi da gozamena», onartu du donostiarrak. Fortuna kirol elkarteko igerilaria da Oñatibia. Hala, denboraldi guztian igerilekuan entrenatzen eta lehiatzen aritu ostean, itsasoko probek zer ikusirik ez dutela aipatu du. «Aurretik proba irabazi izan badut ere, ez nuen berriro lortzea espero, oso gogorra baita», gehitu du Oñatibiak. Irabazleen atzetik, igerilariek bata bestearen atzetik iristen jarraitu dute, noski, pixkanaka-pixkanaka.



