Grabitatearen legearen aurka
Ahuntz, zaldi eta behi hegalariak; zerutik erortzen diren biolin jotzaileak eta ezkongaiak; eta hainbat autoerretratu. Guztiak, unibertso oniriko baten erdian murgilduta. Mundua buruz behera eta hankaz gora jarri zuen Marc Chagallek. Haren kaos koloretsua Kutxaren Kubo aretoan dago ikusgai: grabitatearen legeari desafio egin zion artistaren irudimenezko iruditeria, Chagallen alderantzizko mundua.
Udako erakusketa berezia da, eta hilabetean jada 15.000 bisitari erakarri ditu. XX. mendeko artista esanguratsuenetako bat izan zenaren bildumaren arrakasta dela eta, Aste Nagusian erakusketaren ordutegia zabaltzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, abuztuaren 21a arte eguerdian ere ireki egingo dute Kubo aretoa; 11:30etik 21:00etara izango da zabalik. Hurrengo astelehenetik aurrera, berriz, ohiko ordutegiari eutsiko diote, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Euskal Herrian margolariaren lana ikusteko aukera dagoen lehen aldia da: oihal gaineko olioak, zirriborroak, grabatuak, akuaforteak, akuarelak, gouach-ak… Nizako Marc Chagall museotik ekarri dituzte lan gehienak. Paris eta Suitzako bildumetako obrak ere badira. Guztira 139 pieza bildu dituzte. Ordena klasikoaren arauak hautsi zituen Chagallek. Zalantzan jarri zuen pintura akademikoa, eta gauzak aldatzeko gogo bizia erakutsi zuen; artearen bidez mundua aldatu zitekeela uste baitzuen: «Ez nuke besteak bezalakoa izan nahi, mundu berri bat ikusi nahi dut», esaten omen zuen artistak.
Autoerretratuetan ikus daiteke mundua aldatzeko ahalegina; bere burua alderantziz aurkezten zuen. Burua atzerantz botatako gizona (1919) da, hain zuzen, erakusketako obrarik zaharrenetakoa. Hurbiletik ikusiz gero, ordea, koadroa bera alderantziz zintzilikatuta dagoela pentsa dezake bisitariak: Chagallek sinadura koadroaren goikaldean eta ezkerrean idatzi zuelako. Dimentsio oniriko eta ez errealen konposizioak beste margolari batzuen arreta erakarri zuen; besteak beste, Alemaniako espresionistena, eta apur bat beranduago, surrealistena.
Erlijioa, politika eta artea Izan ere, haren ibilbide luzean arte modernoaren hainbat joerarekin lotura izan zuen; kubismoa eta fauvismoa ere, tartean. Baina beti ere bere estilo propioa landu zuen. Surrealistek hainbat aldiz gonbidatu zuten mugimenduko kide izatera, baina beti egin zion uko. Kuboko erakusketak surrealismotik gertuen dauden obrak bildu ditu, hain zuzen, Chagall surrealista? atalean. Beste lau atal ere sortu dituzte: autoerretratuena, paisaiena, zirkua eta ikuskizunari buruzko lanena eta erlijio gaiaren ingurukoena. Hauek guztiak bihurtu baitziren Chagallen obsesio.
Bielorrusian, Vitebsk herrian jaio zen, 1887an. Haurtzaroa Errusian igaro zuen, eta Parisera jo zuen gero. Bigarren Mundu Gerrarekin erbestera joan zen, AEBetara. Ametsen mundua irudikatu zuen margolanetan, baina bere bizipenek eragin nabarmena izan zuten haren lanetan: Errusiako nekazaritza munduak, ohitura juduak, erlijioak eta giro politikoak. 1917ko iraultzaren lehen urteetan harekin bat egin bazuen ere, gerora aldendu egin zen, eta aldaketa hark aztarna utzi egin zion irudietan. Juduek Mundu Gerran sufritutakoa ere margotu zuen; eta AEBetako erbestean haurtzaroko oroitzapenak islatu zituen.
Italian erakutsi ondoren iritsi da Chagall. Sens Dessus Dessous bilduma Donostiara, eta hau izango da azken geltokia, ez baitute beste inora eramango. Kubo aretoan urriaren 9a arte ikusi ahal izango da erakusketa.