Easo, bertsozaleen elkargune
Amara Zaharreko Easo plaza hainbat bertso-saioren gune bihurtu da aurtengo Aste Nagusian ere; ikusle asko eta asko elkartu dira, eta zertaz gozatu izan dute, puntako bertsolariekin.
Europako Kultur Hiriburu izendapena lortu du Donostiak 2016rako. Hala ere, oraindik gehiago eskatu du Beñat Gaztelumendik bere bukaerako agurrean: «Astebetean izan gaitezen, euskararen hiriburu». Hori lortzea ez da hain erraza izango, baina Easo plaza behintzat, euskararen, hitzaren, errimaren eta bertsoaren gune bilakatu dute ordubete baino gehiagoz, bertan bildutakoek. Kiosko gainean, lau bertsolari, bapateko lanean: Amaia Agirre, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriaga. Beraiekin batera, Josu Goikoetxea, gai-jartzaile lanetan. Behean, berriz, ikusleek aulki guztiak bete dituzte, eta berandu iritsitakoek lurrean eserita edo zutik jarraitu behar izan dute bertso-saioa. Hasteko, bertsolari bakoitzaren agur bana. «Lau bertsolari gatoz, hitzaren margolarien antzera/aurtengo abuztu iluna, bertsoz koloreztatzera», bota du Iturriagak. Esan eta egin. Saio oso txukuna entzungai izan da, puntako bertsolarien ahotik; eta ikusleak gozatzen, barreka eta txaloka.
Lehenengo gaiari guztiek elkarrekin egin behar izan diote aurre: «Zein da aurtengo udako albistea?». Krisia, noski, azaldu da erantzunen artean, aldaketa politikoa, Reala, eguraldi itsusia… Iturriagak, ordea, argi utzi du bizkaitarra dela, honakoa kantatzean: «Galdezka dabiz noiz hasiko den Bilboko Aste Nagusia». Ondoren, ofizioka jarri ditu lanean Goikoetxeak. Hasteko, Agirre eta Egaña; lehena behartsua, eta bigarrena, aberatsa. Bakoitzak jaiak nola bizi dituen kontatu behar izan du. Egañak jaietan bere dirutza non gastatu ez duela esan du, eta bientzako proposamen egokia egin dio Agirreri: «Festetan dirua bota ohi det natural-natural/lurrean jarri txapela eta nik botako dizut igual».
Gaztelumendi eta Iturriagari, berriz, haserre egotea egokitu zaie. Mala Rodriguezen jarraitzaile sutsuak izaki, Saguesera etorri eta Su ta Gar taldearen kontzertua entzutea egokitu baitzaie; Udalak egindako aldaketaren ondorioz. Arazoari aurre egiteko, Gaztelumendiren proposamena honakoa izan da: «Palmak ematen hasi gaitezen, bateriaren erritmoan». Barre algara handienak, ordea, hurrengo gaiarekin hasi dira. Izan ere, Gaztelumendi biloba kristau sutsuaren kantuak entzun behar izan ditu Egaña aitona errepublikarrak. Sekulakoak bota dizkio aitonak bilobari: «Inutilagorikan ba al da munduan/gitarra puskatuko nizuke buruan», edota «orain bai nagoela abortoaren alde».
Seriotasunerako tartea
Gai serioek ere izan dute tartea. Iturriaga bakarka politikaz aritu da, eta Gaztelumendik, berriz, ospitalean gaixo duen emazteari su artifizialak deskribatu behar izan dizkio. Bertso hunkigarriak eta politak atera dira Añorgakoaren ahotik. «Nahiz eta su denak behar luketen desberdinak/denak ikusten ditut laztana, bihotz forma daukatenak», edota «baina maitea ez negar egin/zatoz nire bularrera eta hurbildu/benetakoak diren suak entzutera».
Lauen artean gustura ibili dira, jaien inguruan kantari, puntuari erantzunez, koplaka edota puntuka. Zirikatzeari utzi gabe, nor baino nor.
Bertso gosez geratu denak, badauka bere gosea non asetu. Oraindik ez baitira bukatu saioak. Bihar bertan, 13:30ean, saioa egongo da Donostiako Piratek Kaian jarritako La Flamenka gunean. Ostiralean, berriz, berriro ere Easo plazara itzuliko dira bertsoak, 12:30ean.

