Kim Ki-duk-en ‘Amen’ filma Zinemaldian estreinatuko dute
Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko diren filmeen zerrenda osatu du jada Zinemaldiak. Hamazazpi lanek parte hartuko dute Sail Ofizialaren lehiaketan: Terence Daviesen ‘The Deep Blue Sea’, Hirokazu Kore-edaren ‘Kiseki’, Arturo Ripsteinen ‘Las razones del corazon’… Kim ki-duk zinemagilearen ‘Amen’ eta Oren Moverman zuzendariaren ‘Rampart’ filmak izan dira Zinemaldiak plazaratu dituen azken parte hartzaileak.
Kim Ki-duk-en lan berria Donostian ikusiko dute lehen aldiz zinemazaleek. Hego korearrak Europan filmatu du pelikula oso osorik. Neska gazte korear baten bidaia misteriotsua kontatzen du; baita bere atzetik dabilen gizonarekin dituen elkartzeak ere. Veneziako zinema jaialdian ‘Seom’ (The Isle, 2000) aurkeztu zuenetik zuzendari hego korearren artean ezagunenetakoa da. Donostian ‘Bimong’ (Dream, 2008) filmarekin parte hartu zuen Sail Ofizialean; eta B’om yeoreum gaeul gyeoul geurigo bom’ (Spring, Summer, Fall, Winter… and Spring, 2003) lanak, berriz, Publikoaren saria lortu zuen 51. Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean aurkeztu zuenean.
Moverman sariduna AEBetako ‘Rampart’ filma, berriz, Oren Movermanek zuzendu duen drama da. Hainbat aktore eta pertsonaia ezagun ditu protagonista: Woody Harrelson, Robin Wright, Steve Buscemi, Ben Foster, Sigourney Weaver, Anne Heche, Ice Cube eta Ned Beatty, besteren artean. Eleberrigintza beltzaren idazle ezagunenetako batek sortu du gidoia; James Ellroyk. Los Angeles muturreko egoeran bizi den polizia kide baten istorioa du oinarri filmak.
Movermanek ‘The Messenger’ (2009) lanarekin egin zuen debuta zuzendari gisa, eta Berlingo jaialdian gidoirik onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen. Halaber, Oscar sarietarako bi izendapen izan zituen: gidoi onenarena eskuratzeko bata, eta bigarren gizonezko aktore onenarena (Woody Harrelson) lortzeko bestea.
Lehiaketatik kanpo, berriz, Asier Altunak ‘Bertsolari’ film dokumentala aurkeztuko du. Euskal Herriko bertsolari ezagunen bidez bertsolaritzaren sekretuak kontatuko dizkie ikusleei. Inagurazio egunean berriz, irailaren 16an, Juan Carlos Fresnadillok ‘Intruders’ aurkeztuko du. Zinemaldiko flash eta begirada guztiak bereganatuko dituen Clive Owen aktorea du protagonista. Azken egunean, irailaren 24an, ‘Intouchables’ filma estreinatuko dute; hau ere lehiaketatik kanpo. Eric Toledano eta Olivier Nakachek idatzi eta zuzendu duten komedia bizia da.
Donostia Saria, bakarra Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo parte hartuko duen beste film bat aurkezten saiatzen ari direla adierazi du, baina lehiaketan parte hartuko duten filmeen zerrenda jada osatuta dagoela berretsi du. Jaialdian izango diren izarren inguruan, aldiz, ezer gutxi aurreratu zuen Rebordinosek: «Guztiak daude gonbidatuta. Donostia Saria jasoko duen Glenn Close eta ‘The Intouchables’ filma aurkeztera etorriko den Clive Owen aktorea». Eta zalantza guztiak argitzeko, aurten ere Donostia Saria bakarra izango dela esan du zuzendariak.
Jaialdia hasteko gero eguna gero eta gertuago dago, eta beste zenbait sailen zerrendak ere osatu dituzte; hala nola, Zabaltegi Zuzendari Berriak sailarena. Guztira hamabost film etorriko dira Kutxaren Zuzendari Berriak Sariaren bila. Zinemaldiak jada Telmo Esnalen ‘Urte berri on, amona!’, Ignacio Ferrerasen ‘Arrugas’ eta Sandra Sanchezen ‘Tralas luces’ iragarri zituen. Islandiako ekoizpen bat, ‘A Annan Veg’ (Either Way); Frantzia eta Israelgo lan bat, ‘Emek Tiferet’ (A beautiful valley); Japoniako Mami Sunadaren ‘Ending Note’ (Death of a Japanese Salesman) eta Dexter Fletcher aktore eta zinemagilearen ‘Wild Bill’ izango dira ikusgai, besteak beste. Sail Ofizialean dauden film batzuk ere hautagaiak dira Zuzendari Berriak Sarirako: Mathieu Demyren ‘Americano’, Oren Movermanen ‘Rampart’ eta Sarah Polley zinemagilearen ‘Take This Waltz’.
Steve McQueen, Johnny To… Bestalde, Zabaltegi Perlak saila Hong Kongo Johnny To zuzendariaren ‘Dyut Ming Gam’ (A life without principle), Steve McQueen et Nicolas Provost zuzendarien film berriekin osatu dute. Lapurreta baten dirua dela eta etsipenak jotako hiru pertsonaiaren patuak gurutzatuko dira Toren filmean. Hirurak ere, dirua azkar irabazteko amorratzen ari dira. To Asiako zinemagintzako izen handiko pertsonaia da. Berlin, Cannes eta Veneziako zinema jaialdietako Sail Ofizialetan parte hartu du, eta bere ibilbide luzean polizia zinema modernoaren klasikoak daude: ‘San taam’ (Mad detective, 2007) eta ‘Fuk sau’ (Vengeance, 2009) besteak beste.
