Munstroari beldurrik ez
Donostiarrak jaietan murgilduta dabiltzan bitartean, Jaime Caballero Ness lakua igerian zeharkatzen saiatuko da; ura ia izoztua dagoen arren, ez du neoprenorik erabiliko.
Donostia jaietan barneraturik dagoen bitartean, badago festa eta zalapartatik urrun, erronka berri bati aurre egiteko prest dago Jaime Caballero donostiarra: Eskoziako Ness Lakua igerian zeharkatzea. «Era erraz batean esateagatik, ahal dudalako egiten dut igeri», dio Caballerok bere webgunean. Txikia zela hasi zen igerian, baina 15 bat urte zituela, utzi egin zuen. Hamar urte igaro ziren berriro ere igerian hasi zen arte; helburu garbi batekin: «besteengatik zerbait egitea». Hala, Siempre Adelante elkartearen alde egiten du igeri, esklerosia duten gaixo eta familientzako dirua batzeko.
Aurretik, ez zuen erregulartasunez kirolik egin, baina 24 urterekin, erretzeari utzi zionean, momentu egokia zela erabaki zuen. «Epe motzeko helburuak jartzea garrantzitsua iruditzen zait, helburu handiagoetara iristeko. Ez bakarrik kirolean, bizitzako alderdi guztietan baizik». Bizitzan, filosofia horri jarraituz, hainbat kirol erronkari aurre egiteko gai izan da Caballero. 2005ean, Gibraltarreko itsasartea (2 ordu eta 58 min.), eta 2007an, Mantxakoa, zeharkatu zituen; 2008an, berriro ere Gibraltarreko itsasartean, joan etorria egin zuen (3 ordu); 2009an, Bilbo eta Donostia arteko bidea igerian egin zuen; iaz Manhattaneko zeharkaldian bigarrena izan zen … gaur, bere azken erronka betetzen saiatuko da: Eskoziako Ness lakua zeharkatzen.
Bereziena, Bilbo-Donostia
Hilabeteak dira bere azken nahiaren berri eman zuela, eta bihar du esandakoa betetzeko eguna. Ura ia izoztua egongo den arren, 7 eta 13 grado artean, ez du neoprenorik erabiltzeko asmorik. Argi dago beraz, ez diola beldurrik ez hotzari, ez lakuko munstroaren agerraldiari ere. Ness lakua, zabala, sakona eta batez ere, luzera oso handikoa da. Eskoziako Lur Garaietan kokatua dago; Inverness hiritik 37 kilometrora. Eskoziako bigarren lakurik handiena da eta 56,4 km koadroko azalera du. Bere zatirik sakonenean, 226 metro ditu. Lakuaren ertz batean, Urquhart Gaztelua kokatzen da. Berak esana da, orain arteko egin dituen zeharkaldi guztiak oso desberdinak izan direla. Hala ere, guztietan izan du beheraldia, eta erretiratzea igaro zaio burutik.
Edonola ere, orain arteko lortutako erronka ederrena 2009an Bilbo eta Donostia arteko bidea egin zuenekoa izan da igerilariarentzat. «Zalantzarik gabe nire erronkarik bereziena izan da. distantzia luzearengatik eta helmuga nire hirian zegoelako», dio Caballerok. Guztira, 100 kilometro baino gehiago egin zituen, 27 ordutan. Pixkanaka, baina geldiunerik gabe. Bereziki, Getariako Arratoiaren parean sufritu zuela nabarmentzen du. «16 orduz geldiunerik gabe igerian aritu ostean, ‘inguru ezagunera’ iritsi nintzen. Maiz egin nuen Getaria eta Donostia artean igerian, eta bukatu izanaren sentsazioa izan nuen». Ur korronteek, ordea, bere aurka egin zuten, eta ez zuen aurreratzea lortzen.
Indar fisikoa eta psikologikoa bukatzen ari zitzaizkion arren, etxean zegoela pentsatzeak indarra eman zioela dio. Handik edo hemendik indarrak atera ostean, helmugara iristea lortu zuen; Donostiako nautikora. Bertan, sekulako harrera egin zioten.

