Hamahiru film lehiatuko dira Horizontes Latinos sailean
Argentina, Mexiko, Kolonbia, Txile, Ekuador, Brasil eta Uruguaiko hamahiru lan proiektatuko dituzte aurtengo Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean. Guztiak Horizontes Latinos saria eskuratzeko lehiatuko dira. Gerardo Naranjo zuzendari mexikarraren ‘Miss Bala’ filmarekin abiatuko da atala. Protagonista, edertasun lehiaketa batean miss izateko hautagaia, banda kriminalen arteko gerran sartuko da ustekabean. Mexikotik ere iritsiko da Asalto al cine; Iria Gomez Concheiroren lehen film luzea. Lau neraberen inguruko drama da; zinema areto batean lapurreta egingo dute.
Familiaren jazarpenaz ihesi, naturan babesa aurkitzen duen gizon autista eta bakarti baten bizimodua kontatzen du beste ekoizpen mexikar batek, Bernardo Arellanoren ‘Entre la noche y el dia’ lanak. Donostiako Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saileko Industriaren Saria eskuratu zuen iaz.
‘Abrir puertas y ventanas’ Milagros Mumenthaler argentinarraren lehendabiziko lana da. Amona hil eta gero, haren etxean bizi diren hiru ahizpen eguneroko bizimodua azaltzen du. Carlos Moreno kolonbiarraren ‘Todos tus muertos’ lanean, berriz protagonistak milaka hilotz aurkituko ditu bere lurretan. ‘Porfirio’ pelikulak Kolonbiako gatazkaren ondorioz elbarri dagoen gizon bat du protagonista. Gobernuak entzungor egiten diola ikusita, zigorra bere kabuz ezartzea erabakiko du, ohikoak ez diren bitartekoak erabilita. Brasiletik ‘Historias que so existem quando lembradas’ helduko da jaialdira. Julia Murat zuzendariak mamu-herri bateko misterioak argitu nahian dabilen gazte baten istorioa kontatu du.


