Haurren soinu bidaiak
Kursaaleko terrazan dagoen Zurriola Kultura Irekia guneak didjeridoo tailerra eta kontzertua hartu ditu bere baitan, haurren gozamenerako.
Txirula, txistua, klarinetea eta abar luzea dira haizeak eraginda soinua sortzen duten musika tresnak. Hori dela eta, itsas bazterrean dagoen Kursaaleko terraza egoki baino egokiagoa gertatu da didjeridoo musika tresnari buruzko tailerra eta ondorengo kontzertuak gauzatzeko. Azkena Acoustic Glorious taldearen eskutik eta lehena Iban Nikolai oiartzuarrak emana.
Australiako musika tresna da didjeridooa eta, tutu sinplea dirudien arren, jotzen ikasi beharra dago. Horiek guztiak, eta gehiago, irakatsi zizkien atzo Nikolaik Kursaalera gerturatutako haurrei. Nikolai laguntzen aritu zen Eneko Larrañagak azaldu zuenez, «haurrek hasieran ez dute galdera askorik egiten; baina, gauzak erakusteko ardura hartzen duzunean beraiengan berebiziko interesa pizten da». Oier, berriz, pozik etxeratu zen hainbat saiakeren ondoren hegoaldeko tutuari soinua ateratzea lortu zuelako. «Ontzi baten sirena ematen zuen: buuuuuuuuuu. Ez da oso luzea izan, baina nik egin dut!».
Irakatsi eta gero, erakutsi
Kursaaleko Zurriola Kultura Irekia gunean musika emanaldiak izaten dira ere. Atzoko tailerraren ondoren, Nikolaik Larrañagak eta beraiekin Acoustic Glorious taldea osatzen duen Antonio Lizanak kontzertua egin zuten. Guneari dagokion moduan, «munduko gune ezberdinetako tresnak eta musikak bateratzen ditugu», azaldu zuen Larrañagak.
Larrañagaren esku izan ziren, esaterako, Afrikako kora eta perkusioak. Nikolaik, berriz, Australiako aborijenen didjeridooari funk soinuak atera zizkion heldu eta, batez ere, haurren, gozamenerako. «Gozatu ederra da haurrentzat jotzea. Musikan sartzen dira eta beste mundu batera bidaia egiten dute», azaldu zuen gogotsu Lizanak.



