Hogeita hamar urteko ibilbidea soinean
Dultzaina hotsa entzun eta ez dago zalantzarik, buruhandi eta erraldoiak ez dabiltza urruti. Nahiz eta haiek ikustean ume txiki asko beldurrak airean ibili, inork ez du ikuskizuna galdu nahi. Itzurun konpartsako buruhandi eta erraldiek 30 urteko ibilbidea daramate soinean eta dagoeneko lortu dute bertako jaietan errotzea. Baita lortu ere; egunero milaka herritarren arreta bereganatzeaz gain, gazteen askorengan erraldoi izateko grina piztu baitute. Aurten, konpartsarekin batera, beste bi ume ibili dira kalez kale etxean egindako erraldoia soinean zutela.
Aste erraldoia borobiltzeko, larunbatean egingo dute agur festa Zuloaga plazan, 21:00etan. Ikuskizuna handia izango dela aurreratu du Xabier Zubiri Itzurun konpartsako kideak. Lau dantza berezi prestatu dituzte «abesti ezagunekin». Orain hiru urte hasi ziren agur festa egiten eta iaz lekurik gabe ibili zirela gogoan du Zubirik.
Egunotan, dena den, maiatzean prestatu eta ekainean zehar entseatutako dantzekin txunditu dituzte donostiar eta bisitariak. «Geronimo deituriko dantza egin dute erraldoiek eta jendeak txalotu gaitu». Buruhandientzat ere Piter Ansorenak hiru abesti egin ditu eta haientzako dantzak prestatu dituzte.
Dantza berriekin batera, igandean Gironako La fal.lera konpartsaren bisita izan zuten. Herrialde Katalanetan dituzten ohiturak gertutik ezagutzearekin batera, hartu-emanak sendotzeko aukera izan zuten. Itzurun konpartsako kideei, hain justu, udazkenean bisitan joatea gustatuko litzaieke. Finantziazioak baldintzako du, aldiz, bidaiatzeko aukera.
Itzurun konpartsaren helburuetako bat, udaberriko prestaketa eta udako ikuskizunez haratago, urtean zehar mugimendu handiagoa eskaintzea da. Gironako bidaiak, bada, euren lana eta bertako kultura lau haizetara zabaltzea ahalbidetuko lukeela zehaztu du Itzurungo kideak.
San Telmon etxea
Dena den, konpartsako partaide gazteak adierazi bezala, Itzurunek esku artean duen jomuga nagusia buruhandi eta erraldoientzat biltegia lortzea da. Izan ere, egun Martuteneko udal biltegi batean gordetzen dituzte eta bertatik mugitzen ibiltzeak izorratzen joateko arriskua duela aitortu du gazteak.
Konpartsaren proposamena, beraz, buruhandi eta erraldoiak San Telmo museoan gordetzea da. Zortzi erraldoi eta hamairu buruhandientzat etxe paregabea izan daitekeela uste dute. Bertan, gainera, herritarren bisitak jaso eta haien historia gertutik ezagutzeko aukera eskainiko luke.



