Musika, kantua eta dantza
Piraten Folk Egunak sekulako arrakasta izan du eta goizeko Kantu Jira kantuzale heldu askoren elkargunea izan da Parte Zaharrean (Ikusi bideoa: Piraten Kantu Jira)
Argi dago Donostiako Piratak geroz eta indar gehiago hartzen ari direla. Antolatzen dituzten ekimenei begiratzea besterik ez dago horren berri izateko. Folk Eguna da gaur piratentzat, eta noski, musikak ez du hutsik egin. Zintzo-zintzo eta pixkanaka-pixkanaka elkartu dira pirata kantuzaleak Kaiko La Flamenka gunean. Ia denak 50 urtetik gorako emakumeak izan dira, gainera, bat baino gehiagok baserritar jantzia zuen soinean. Edonola ere, tartean, gizonezkoren bat eta gazteagoren bat ere agertu da.
Baratze bat nahi deizut egin abestiarekin hasi dira eztarriak berotzen, eta horren atzetik, Bagare. Tonua hartzeko ez dute batere lan zaila, musikarien laguntza izan baitute abeslariek une oro. Benta zaharreko mutiko alaiak kantu jiran, horixe zioen musikarien elastikoak. Hala, eskusoinua, gitarra eta danbor handi bat izan dituzte bidelagun abeslariek, eta beranduago bibolin bat ere batu zaie.
La Flamenkan hasitakoak Parte Zaharrean barrena izan du jarraipena. Musikaren laguntzarekin, kalejiran egin dute bidea partaideetako batzuek, hurrengo geltokira iritsi arte. Portu kaletik Egun da Santimamiña abestiaren erritmoan igaro dira, San Jeronimo kalera iritsi arte. Abuztuaren 31 kalean sartu eta segituan iritsi da geldialdia. Kainoieta Elkartearen aurrean elkartu dira bigarren kantu sorta abesteko: Begiak parrez parrez, Habanera, Maitiak galde egin zautan… Pako Sexmilok esandako guztia abesteko prest egon dira, hutsik egin gabe. Gainera, eztarria freskatzeko aukera ere izan dute, elkartekoek garagardoa eskaini baitiete Kantu Jirakoei.
Gutxi, baina onak
Kalejiraren erritmora, San Juan kaleraino hurbildu dira. Kantu klasikoen ohiartzunak ez du etenik izan: Euskal Herrian euskaraz, Erribera, Azken dantza hau… Bat baino gehiago izan dira Kantu Jirari begira geratutakoak. Baina, bereziki, turisten harreta deitu du ekimenak, aurretik ez baitzuten halakorik ikusiko. Berriro ere Kaira itzultzeko ordua iritsi zaie. Konstituzio plaza zeharkatu eta La Flamenka berriro zapaldu dutenean aurreko itxura guztiz aldatua zegoen. Taula aurreko aulkiak beteak zeuden, bertso-saioa hastear baitzen: Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Jexuxmari Irazu eta Xabier Silveira. Aurretik, hala ere, tortilla patata lehiaketako sariak banatu dituzte. Guztira zazpi tortilla aurkeztu dira eta goxoena Maria Doloresena izan dela erabaki dute epaimahaikideek. Bigarren postuan, 5º Pino taberna geratu da. «Iaz baino maila baxuagoa dagoela iruditu zaigu, baina oso goxoak daude», aipatu du Zigor Urizar epaimahaikideak. Arratsaldean jaiarekin jarraitzeko asmoa zuten, poteoarekin eta kontzertuarekin.
Pako Sexmilo: Kantu Jirako zuzendaria
«Gazteak falta dira, ez dakit non sartzen diren»
Antolatzaileek hala eskatuta, zuzendari lanetan aritu da Pako Sexmilo donostiarra, Piraten Kantu Jiran.
Askotan ibiltzen zara Kantu Jiran?
Kresalako kidea naiz eta urteak dira mundu honetan sartu ginela. Maiz elkartzen gara entseatzeko eta gero kaletik ibiltzen gara kantari, elkartzen den jendearekin.
Oraingoan, Piratek antolatutako Kantu Jiran zabiltza zuzendari gisa.
Piratak nirekin harremanetan jarri ziren, Kantu Jira antolatu nahi zutelako, eta etortzeko eskatu zidaten.
Espero zenuten halako arrakastarik?
Ba ez. Jende gutxiago espero nuen, erantzuna oso polita izan da. Gazteak falta dira, ez dakit non sartzen diren. Azkenean, Kantu Jiran beti helduak ibiltzen gara. Nire itxaropena da, bai Euskararen Egunean edota antzeko jaietan, Abordatzean esaterako, gazte gehiago hurbiltzea. Errepertorioa aldatu edo zerbait egin beharko dugu, gazteak hurbiltzea oso polita izango litzateke.
Ba al dago inoiz hutsik egiten ez duen abestirik?
Ez, beti saiatzen gara abesti berriak sartzen. Halako egunetan, azken momentuan elkartutako jende asko egoten denez, kanta ezagunenak abesten ditugu. Gutxienez doinuak ezagutzen dituzte eta abestien hitzak banatzen ditugu.



