Musika klasikoaren harrobia
Musika Hamabostaldia aurrera doa. Hurrengo astean, abuztuaren 22tik 27ra musikaren kimu berrien txanda izango da; Interprete Gazteen Zikloa egingo baitute Miramar jauregian. 1989an jarri zuten abian, jaialdiaren 50. urtemugaren harira. Harrez gero bidea egiten ari diren hainbat musikarik parte hartu dute.
Egunero kontzertu bat eskainiko dute; ordu berean guztiak, 20:00etan. Atzo, zikloaren aurkezpenean, bi ordezkari izan ziren: Jon Urdapilleta piano jotzailea eta Jonathan Mesonero biolinista. «Askotan etorri izan naiz kontzertuak ikustera, baina ez nuen inoiz uste ni ere eszenatokian egongo nintzenik», aitortu du Mesonerok. Zikloan parte hartzea «erronka eta erantzukizun handia» dela azaldu du Urdapilletak; eta «ametsa egia bihurtzea», aldi berean. Urdapilleta zikloko musikaririk gazteena da, eta hark emango du lehen emanaldia. Bidegoianen jaio zen duela hamalau urte, eta Donostiako Udal Musika Eskolan hasi zen pianoa ikasten: «Nire ama piano irakaslea eta Orfeoiko abeslaria da. Etxean pianoa jotzen hasi nintzen jolas gisa, eta pixkanaka aurrera jarraitu nuen». Musikeneko ikasleak
Jonathan Mesonerorentzat ez da lehen emanaldia izango Musika Hamabostaldian. Donostia Musika laukotearekin parte hartu zuen programan. Aurten, ordea, bakarrik izango da. Iaz Aldundiaren Nicanor Zabaleta beka eskuratu zuen Irungo gazteak. Frantzia eta Errusiako zenbait egileren errepertorioa interpretatuko du. 8 urterekin solfeoa ikasten hasi zen, eta biolina aukeratu zuen, «ez dakit zergatik. Zaletasun bat gehiago izango zela uste nuen, baina denborarekin nire bizitzako zati garrantzitsu bihurtu da». Mesonero, zikloko beste hainbat gazte bezala, Musikenen ikasitakoa da. Jeux D’Anches taldea osatzen duen akordeoi bikotea bezala. Serbiako bi gazte dira. Programa guztiz garaikidea eskainiko dute abuztuaren 24an; Stravinski, Vaclav Trojan eta Astor Piazzolla, besteak beste.
Abuztuaren 25an Musikenen sortutako Adsax laukotea izango da. Lau saxofoi jotzaile gaztek osatzen dute. Errusiako musikari gazte batek ere parte hartuko du zikloan, abuztuaren 23an, Elena Endeberya pianistak. Donostia Hiriko Nazioarteko Piano Lehiaketako lehen saria lortu du. Musika Hamabostaldian ez ezik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berrian parte hartuko du. Azken egunean, abuztuaren 27an, Gran Pausa haize taldea ariko da.


