Alberto Gorritibereak ‘Arriya’ aurkeztuko du Zineguneak jardunaldian
Bi familien arteko apustu bat, 800 kilotik gorako harri bat eta ezinezko maitasun istorio bat. Haurtzaroan bizitako eta kontatutako istorioen oroitzapenak islatu nahi izan ditu Alberto Gorritibereak (Eutsi!, 2007) azken filmean, ‘Arriya’. Malagako jaialdian estreinatu ondoren, zinema areto komertzialetara iritsi berri da. Ostiralean proiektatu zuten lehen aldiz; Donostian, Principe aretoan dago ikusgai, euskaraz. Euskadiko Filmategiak Zineguneak ekimena jarri zuen abian estreinatu berri diren euskal ekoizpenei bultzada emateko. Gorritiberea eta bere film berria izango dira biharko saioko protagonistak. Zinemazaleek, beraz, filmaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute bihar, asteartea. Zineguneak jardunaldien aurreko ekitaldietan bezala, pelikularen trailerra proiektatuko dute, eta filmaren zenbait pasarte ere ikusi ahal izango dituzte.
Aurkezpena 19:30ean hasiko da, Koldo Mitxelenan. Kandido Uranga aktore zumaiarra eta Iñake Irastorza aktore donostiarra ere bertan izango dira ikusleekin, edozein galderari erantzuteko prest.
Euskal Herriko irudizko herri batean girotu du Gorritibereak ‘Arriya’. Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz filmatutako film honetan memoria berreskuratu nahi izan du. Istorio honetako pertsonaiak, hain zuzen, iraganari eta orainari lotuta bizi dira; ez dira etorkizunari begiratzeko gai. Iban Garate, Begoña Maestre eta Sara Casasnovas aktoreak sartu dira protagonisten larruan. Ramon Agirre, Aitor Beltran eta Klara Badiola aktore donostiarrek ere parte hartu dute; bigarren pertsonaia gisa.
Ohi bezala, emanaldirako sarrera doan izango da, eta euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute solasaldia.


