Barrokoko egileak izango dira protagonista
Hamabostaldiaren Antzinako Musika Zikloaren azken saioak egingo dituzte
Abuztuaren lehen astean hasi zen Antzinako Musika Zikloa, eta orain, hilaren bukaeran itzuli da Santa Teresa komentura, agur esatera. Jaialdiaren lehen hamar egunetan egin ohi dituzte kontzertuak, baina aurten, Jose Antonio Etxenike aholkulariak azaldu duenez «dosifikatu» egin nahi izan dute, guztia hasieran ez pilatzeko. 1991. urtean estreinatu zuten Musika Hamabostaldiaren atal berezia, eta hogei urte igaro dira jada. Gaur Eduardo Lopezek zuzendutako Al Ayre Español taldeak jo du, Maria Espada sopranoarekin batera. Jose de Nebrari eta domenico Scarlattiri eskaini diote programa. Bihar, asteartea, Enrico Casazza biolin barrokoaren interpreteak eta Davide Pozzi klabezin jotzaileak barrokoan nabarmendutako italiar musikagileen lana joko dute. Santa Teresa komentuan izango dira, 18:00etan. Giovanni Antonio Pandolfi Mealli, Antonio Vivaldi, Arcangello Corelli, Francesco Maria Veracini eta Giuseppe Tartiniren lanak interpretatuko dituzte. Barrokoan, 1600-1750 urteetan, italiar musikagileek menderatu zuten musikaren eremua. Sorkuntza maila handiko garaia izan zen, eta joera berri asko Italian jaio ziren. Orkestrak handitu egin ziren, musika instrumentalak garrantzia handiagoa hartu zuen, eta lehen operak sortu ziren.
Domenech kontratenorra Bartzelonako Jordi Domenech kontratenorraren emanaldiarekin amaituko da Antzinako Musika Zikloa, asteazkenean. Barrokoan ospea lortu zuten egileak izango dira protagonista, musikagile ingelesak batez ere. Daniel Espasa klabizenbalo-jotzailearekin batera jardungo du Santa Teresa komentuan, 18:00etan. Henry Purcell, George Frederich Haendel, Alessandro Scarlatti eta John Christopher Pepushen lanak interpretatuko ditu. Kontzertu hau ez da izango Jordi Domenechek Musika Hamabostaldian egingo duen bakarra; iragan igandean Arrangoitzeko gazteluan aritu baitzen. Purcell eta Haendel musika barrokoaren ordezkari nagusiak izan ziren. Haendel alemaniarra zen, eta Italian hainbat lan egin bazituen ere, Ingalaterran egin zuen lan gehien, herrialde hura izan baitzuen bizileku 1712an.



