Zinemaldiak Jacques Demy omenduko du
Agnes Vardak, Mathieu Demyk eta Rosalie Vardak aurkeztuko dute zuzendari frantziarraren atzera begirakoa
Hasieran ‘nouvelle vague’ mugimenduko zuzendari gazteekin egon zen; edonola ere, Demyren lana oso berezia eta sailkaezina zenez, bide propioa egin zuen. Zinema abestua egin zuen. Bere zuzendaritza artistiko dotoreari jarraitu zion beti, eta unean uneko zinemagintzako modak zein joerak alde batera utzi zituen.Jacques Demy (Pontchateau, 1931-Paris, 1990) Frantziako zinemaren barruan ospe handiko izena izan da, baita genero musikalaren berritzaile handienetako bat ere.
Maitasun istorioak Arte Ederrak ikasi zituen, eta animaziozko zineman hasi zen lanean, Paul Grimaulten laguntzaile gisa. Hainbat film labur egin ondoren Demyk lehen film luzea zuzendu zuen, ‘Lola’ (1961). Bere lan bikainenetako bat izateaz gain, Frantziako ‘nouvelle vague’ko filmik entzutetsuenetako bat ere bihurtu zen. Bere filmografian behin eta berriz errepikatuko ziren gaiak eta giroak agertzen dira bertan: maitasun istorio malenkoniatsuetan harrapatutako pertsonaiak, musika ikuskizunak, Nantes hiria… Film honetan Anouk Aimee aktoreak antzezten du Lola pertsonaiaren papera. ‘La bai des anges’ (1963) melodramaren bidez, Demyk bere talentua erakutsi zuen beste behin.
‘Les parapluies de Cherbourg’ Halere, hirugarren filmak eman zion ospea mundu zabalean; ‘Les parapluies de Cherbourg’ (1964) lanak. Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen, eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Catherine Deneuve ederrak parte hartu zuen maitasun istorio polit honetan. Genero musikalarekiko sentitzen zuen grinak jarraipen luzea izan zuen. ‘Les demoiselles de Rochefort’ (1967) filmaren bidez, esaterako, Hollywoodeko zinemari omenaldia egin zion.
Ondorengo lanetan, Demyk estetikaren eta zinema narratibaren ikuspegi pertsonala lantzen jarraitu zuen: ‘Model shop’ (1969), ‘Peau d’ane’ (1970) edota ‘Une chambre en ville’ (1982).
Zinemaldiaren atzera begirakoan Demyren film luze guztiak bildu dituzte: ‘Lady Oscar’ (1979, ‘La naissance du jour’ (1980), ‘Parking’ (1985)… Baita film labur batzuk ere. Horrez gain, bere emazte Agnes Vardak zuzendutako hiru dokumentalek osatuko dute zikloa. Zikloa aurkeztuko dute Vardak berak, haren seme Mathieu aktore eta zuzendariak, eta Rosalie Vardak, Demyren filme bateko jantziak diseinatu zituena. Era berean, Mathieu Demyren lehendabiziko obra, ‘Americano’, aurtengo Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da.



