Añorgako gazteek beraien egoera aztertuko dute
Neska mutilen arazoak identifikatzeaz gain, irtenbidea bilatzen saiatuko dira ostiralean egingo duten bileran.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak iaz jarri zuen abian Marasma saretzen egitasmoa. Honen bidez, gazte kontzientzia berpiztu eta gazterian motibazioa pizteko xedea du. Gazteria ezagutu, zerk kezkatzen duen jakin eta gauzak aldatzeko gai direla ikusaraztea da prozesu honen xedea. Hainbat herritako gazte asanbladak bezala, Añorgakoa udaberri bukaeran hasi zen bertako gazteen kexa eta arazoak ezagutzeko elkarrizketak egiten. “Añorgako gazteek dituzten arazoei Añorgako gazte bezala erantzuteko egiaz kezkatzen gaituzten gauzak zeintzuk diren jakin nahi genuen”, azaldu du asanbladako kide batek.
30 gazte elkarrizketa egin dituzte, eta guztiekin hitz egiterik ez dutenez, ostiralean bilera egingo dute gazte lokalean, 19:00etan. Deialdi irekia da eta egindako lanaren ondorioak “aurkeztu, lasaia aztertu, eta eztabaidatu” nahi dituzte, beraien arazoak zeintzuk diren eta nola aurre egin erabakitzeko. Elkarrizketatuek gehien aipatutako oztopoak aisialdiari lotutakoak izan dira. “Añorgako gazteek normalean 15-16 urterekin Donostiarako joera hartzen dute, bertan aisialdia pasatzeko arazoak dituztelako. Gehienek hori kritikatu dute”.
Gogoeta solasaldia amaitu ondoren, afaria egingo dute, 21:00etan. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik jakinarazi behar dute. Ikasle eta langabeentzat 7 euroko kostua du; eta 8 eurokoa gainontzekoentzat.