Ikastaroek kultur etxeetatik baratzetara egingo dute jauzi
Donostia Kulturak ikasturtean zehar antolatzen dituen ikastaroen zerrenda ezagutzeko garaia da. Hilaren 7an zabalduko dute izen-emateko epea; honenbestez, datorren ikasturtean zer egin erabaki ez duenak kultur etxeren batera edota Donostia Kulturaren webgunera jo dezake, berandu baino lehen, eskaintza ezagutzera.
Urtero bezala, aurten ere nahi beste aukera dago. Denera, 408 ikastaro dira, iaz baino 55 gehiago. Erantzuna eskaintzaren parekoa izaten da, urtero batez beste 3.300 lagunek ematen dute izen. Inor interesa duen jardueran parte hartzeko gogoz gera ez dadin, 6.300 plaza egongo dira.
Ikastaroen liburuxkak zer dakarren buruz dakitela uste dutenek artxiboa berritu beharko dute, ikastaro berriak gaineratu baitituzte. Santiago Bidea, ardo dastaketa, ekonomiari buruzko azalpenak edota musika familian lantzekoak dira aurtengo proposamen berrietako batzuk.
Berritzaileena, behar bada, Donostia Kultura eta Cristina Enea Fundazioak elkarlanean prestaturiko Etxekolanda proiektua da. Baratza ekologikoak hiriko terraza eta balkoietara zabaltzeko egitasmoa da. Parte hartzaileak landa eremuan bezala senti daitezen, Lugaritz kultur etxea soro, laborantza mahai eta beharrezko lanabesekin hornitu dute. Beharrezko ezagutza jasotzeko eskola teorikoak azaroan egingo dituzte euskaraz, eta, urtarrilean, gazteleraz. Eskola praktikoak, berriz, otsaila eta maiatza artean egingo dituzte: euskaraz, astelehenero, eta, gazteleraz, asteazkenero.