Fruta usainekoa eta zaporetsua
«Kalitate handiko sagarra izan zen Gipuzkoan iaz, eta horrek izaera berezia eman dio sagardoari; fruta usainekoa eta zaporetsua da; puntu mikatz egokia du». Gipuzkoako 40 sagardogilek iazko uzta ekarriko dute Donostiako Sagardo Egunera larunbatean. Konstituzio plazan izango da sagardoaren jaia, 11:30etatik 14:00etara.
Aurten ere Sagardoaren txinparta, neurrian aparta leloari eutsi diote; Sagardogileen Elkarteak kontsumo arduratsuaren alde egin nahi du-eta: «Graduazio baxuko edaria da, freskagarria; neurrian edanez gero, oso osasungarria da». Sagardoa dastatzeko edalontziak 3,5 euroan izango dira salgai. Edalontziarekin batera, sagardoa eskatzeko hamar txartel eskuratuko dituzte herritarrek. Beste hamar txartel ere eros daitezke 2,5 euroren truke. Bakailao tortilla, txorizo eta gazta pintxoak ere izango dira zenbait postutan.
Sagardo Egunean, ohi bezala, erretiroa hartu duten sagardogileak omenduko dituzte. Astigarrako Petritegi sagardotegiko Joakin Otaño eta Adunako Aburuza omenduko ditu Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 13:00etan, Konstituzio plazako oholtzan.