Trikitixa, munduko musika tresna
Carles Belda eta Imuntzo eta Beloki trikitilariek parte hartuko dute 9. Trikitixa jardunaldietan
Munduko hainbat bazterretan jotzen dute trikitixa edo soinu diatonikoa, baina zein bilakaera izan du herrialde bakoitzean? Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak musika tresnaren historia eta ibilbidearen inguruko jardunaldiak prestatu ditu aurten. Bederatzi urte dira jada Donostian, Euskal Jaien inguruan, trikitixari buruzko hitzaldi eta musika saioak prestatzen hasi zenetik.
‘Soinu txikia munduan’ lelopean hitzaldi bat eta saio praktiko bat egingo dituzte irailaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren. Iker Goenagak, elkarteko ordezkariak, hitz egin zuen jardunaldien helburuen inguruan: «Hausnarketa egin dugu, eztabaida egin dugu, elkarrizketak ere bai; eta baita hainbat erakusketa eta dokumentazio bilketa ere». Emakumea eta trikitixa; Trikitixa eta teknologia berriak; eta Dantza ikuskizuna eta plazera izan dira azken urteotan landu dituzten zenbait gai.
«Koldo Izagirre trikitilariak askotan aipatu du soinu txikia ez dela musika tresna etniko bat. Oso berria da, modernoa. Ehun urte inguru ditu. Tokian tokiko kulturara egokitu da. Euskal Herrian bilakaera bat izan du, dantzari oso lotuta. Baina bitxia da trikitixa Argentinan, Irlandan, edo Kolonbian ere ikustea. Hori guztia hausnartzeko aukera polita izango dira aurtengo jardunaldiak», azaldu du Goenagak.
Trikitixa jotzen eskarmentu handia duten hiru musikarik parte hartuko dute. Irailaren 5ean Carles Belda trikitilari katalanak hitzaldia emango du, eta irailaren 8an, Imuntzo eta Belokik, berriz, saio praktikoa egingo dute. Bi jarduerak Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko sotoan egingo dituzte, 19:30ean.
Trikitixaren jatorria Carles Belda Katalunia eta Euskal Herria artean bizi da. Hogei urterekin hasi zen trikitixa jotzen, eta harrez gero hainbat musika proiektutan parte hartu du: Pomada, Mesclate, Bertso Sound System… Zenbait euskal musikarirekin ere lan egin du: Trikiziorekin eta Imuntzo eta Belokirekin, besteren artean.
Ez da Trikitixa jardunaldietan parte hartzen duen lehen aldia. Javi P3Z eta Jon Lomberasekin kontzertua egin zuen, teknologia berriak eta trikitixaren inguruko emanaldi batean. Hain zuzen, ekitaldi hartan sortu zen Herrikojak musika proiektua. Kideak, gainera, berriz elkartu dira Asier Altunak Donostiako Zinemaldian estreinatuko duen Bertsolari filmaren musika egiteko. Hurrengo asteleheneko hitzaldian soinu txikia «non, nola eta noiz sortu zen» azalduko du. Munduan zehar nola zabaldu zen ere kontatuko du, eta beste hainbat gogoeta plazaratuko ditu: « Kolonialismoak sortutako lotura eta harremanen bidez, besteak beste».
Imuntzo eta Belokik hogei urte daramate elkarrekin, erromeriaz erromeria, eta plazaz plaza. Trikitixa tradizionala erritmo eta estilo desberdinekin nahastu dute euren ibilbidean zehar, eta zazpi diskoetan: Tex-mex, cajun eta countryarekin, besteak beste. Osteguneko saio praktikoan erritmo horien ezaugarriak erakutsiko dituzte jendaurrean zuzeneko musikaren bidez.