"Lehen zerrendan ez naute sartu, baina bigarrenean izango naizela dirudi"
Ekaitz Saies, Piraguista
Munduko Txapelketan ez zuenez lortu lehen zortzien artean sailkatzea, kolokan dago 2012an Londresen jokatuko dituzten Olinpiar Jokoetarako bere postua; edonola ere, baikor dago.
Londresen dago Ekaitz Saies (Parte Zaharra, 1982), Olinpiar Jokoen aurretik jokatuko duten lehiarako prestatzen ari baita. Oraindik belaunak arazoren bat ematen badio ere, munduko onenen artean lehiatzeko moduan egotea espero du, Europako Txapelketan lortutako txartelaren bidez bada ere.
Nolakoa izan zen Hungariako Munduko Txapelketa?
Erreleboetan irabazi egin nuen, Carlos Perez, Saul Craviotto eta Pablo Andresekin batera. K-1 modalitatean, berriz, B finalean lehiatu nintzen. Izan ere, sailkapeneko lehenengo bederatziek A finala jokatu zuten, eta hurrengo bederatziek, B finala. B finala irabazi nuenez, Olinpiar Jokoetara joateko zerrendan hamargarren postuan nago. Momentuz bederatzi daude sailkatuak, eta ni zain nago, hamargarren postua niretzako izateko.
Esperotakoa baino maila handiagoarekin egin zenuen topo?
Erreleboetan inoiz baino maila handiagoa zegoen eta oso proba gogorra izan zen. Baina ia-ia perfekzioan aritu ginen, eta gure etsai nagusiak ziren errusiarrei aurrea hartzea lortu genuen finalean. K-1ean, zertxobait hobe ibiltzea espero nuen, baina azken aste horretan gauzak nahiko gaizki egin nituen. Aurreko astean jokatutako sailkatze probatik berandu bidaiatu genuen. Eta Hungariara iristean, sekulako beroarekin eta hezetasunarekin egin genuen topo. Lehen egun hartan, nahiko sentsazio txarrak izan nituen. Azkenean, 200 metroko proba 30 segundotan bukatzen da, 90 palakada dira, eta guztiak dira garrantzitsuak. Palakada guztiak ez badituzu ehuneko ehunean ematen, ehuneneko pare bat gal ditzakezu; eta horiek izan ziren ni finaletik kanpo utzi nindutenak. Gaur egun dagoen mailarekin ehunenekoak dira garrantzitsuenak; podiumera eraman zaitzakete edo finaletik kanpo utzi.
Jarraitzaile asko bildu ziren Hungarian, ezta?
Egia esan, izugarria izan zen. Egunero 20.000 ikusle egon ziren, eta orokorrean, 70.000. Hori piraguismoarentzako izugarria da. Erreleboetakoa irabazita, podiumean 20.000 lagunen aurrean egotea sekulako esperientzia izan zen.
Gero Alemaniara joan zinen.
Bai, jaialdi moduko bat zegoen, Postdam hirian, Berlinetik gertu. Nahiko proba bitxia zen, hirian bertan jarri zutelako lehiarako tokia. Normalean txapelketak hirietatik kanpo izaten dira, lakuetan edo ibaietan. Inguruan jende mordoa zebilen, kontzertuak zeuden, janari postuak… espero gabe 200 metroko proba irabazi nuen. Maila handiko bi alemaniar zeuden, Ronald Rahue eta John Asens. Oso lasterketa polita izan zen.
Eta hortik Londresera joan zara, Olinpiar Jokoen aurreko txapelketa prestatzera.
Kirol guztietan egiten ari dira halakoak eta test moduan balio die antolatzaileei; kirol hornikuntzek nola funtzionatzen duten ikusteko, eta teknologia guztia probatzeko. Guretzako ere ongi dago, hurrengo urteko toki berean lehiatzeko aukera dugulako, kirolari berdinaren aurka. Gainera, leku mugatua dago, eta ohorea da munduko onenekin lehiatzea.
Zer moduz doakizu orduan prestakuntza?
Ondo, orain arte guztia prestatzen aritu naiz, eta uretan bi aldiz baino ez naiz ibili. Gustuko tokia dut gainera. 2008an etorri nintzen lehenengoz hemen entrenatzera, Tim Brabants olinpiar txapeldunaren bitartez.
Noiz arte duzu Londresen geratzeko asmoa?
Irailaren 7ra arte. Gero etxera itzuliko naiz, eta dena bide honetik badoa, ebakuntza egiten saiatuko naiz. Izan ere, iazko abenduan izan nuen istripuaren ondorioz, oraindik belauna minduta daukat. Ebakuntza lehenbailehen egin nahi dut, hiltzeak kentzeko. Gero, nire oporrak pixka bat sakrifikatu beharko ditut, errehabilitazioa egiteko. Behin bukatuta, buru-belarri berriro entrenatzen hasiko naiz.
Edonola ere, Olinpiar Jokoetara joango zarelakoan zaude, ezta?
Bai, baikor nago. Oraindik ez dute baieztatu, sistema nahiko konplexua baita. Berez, lehenengo zortziak automatikoki sailkatzen dira, baina pertsona bera bi probetarako sailkatua badago, beste batentzako tokia geratzen da. Lehen zerrendan ez naute sartu, baina bigarrenean izango naizela dirudi. Ezin dut guztiz baieztatu, maiatzera arteko epea baitute. Hala ere, udaberri aldean jakin dezakegula dirudi.
Bestela, Europako Txapelketan izango zenuke berriro ere Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera.
Bai, Europako Txapelketarako prestatzeko asmoa dut; maiatzean 20an izango da, Kroazian. Olinpiar Jokoetan sartuko naizen edo ez lehenago jakiten badut, modu batera edo bestera prestatuko dut. Ez banago sailkatua, denboraldia bitan banatuko dut, bata Europako Txapelketara arte, eta gero, Olinpiar Jokoetara arte.
Zein postu lortu beharko zenuke Europakoan, Joko Olinpikoetara joateko?
Europakoa baino bi aste lehenago, kontrol moduko bat egingo dute, Olinpiar Jokoetarako sailkatu nahi dutenen artean. Europa guztitik bi postu egongo dira jokoan.

