"Behingoagatik lortu dugu emaitza polita, hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria"
Jon Sardon, Donostiarrako arraunlaria
Kontxako Banderako lehen jardunaldian, itsasoak jasandago aldaketak Donostiarrari sekulako mesedea egin zion; laugarren postuan sailkatuta, Ohorezko Txandan lehiatuko da datorren igandean.
Hamaika urte baino ez zituela hasi zen arraunean Jon Sardon (Intxaurrondo, 1985). Ur-Kirolaken urtetan aritu ostean, Donostiako lehen traineru bateratuko kide izatera iritsi zen. Donostiarrarekin KAE-1 Ligako estropada guztietan atera da udan; baina, zalantzarik gabe, igandekoa izan du lorpenik handiena.
Behin zuen txanda bukatuta, gustura geratu zineten egindako estropadarekin?
Sentsazioak ez ziren oso onak izan, itsasoa oso nahasia zegoelako. Lehen luzea ongi egin genuen, Pedreña gertu genuelako. Pedreña gertu ikusteak poza eta indarra ematen zizkigun. Itzuleran, ordea, agian ez genuen ongi asmatu olatuak hartzen. Hala ere, orokorrean pozik bukatu genuen estropada. Bagenekien beste hiruak oso indartsu zebiltzala, gure lana egitera gindoazela, eta ez ginela irteeratik erokeriak egitera atera behar.
Patroiek lan gogorra izan zuten.
Bai, izugarria. Egia esan Arkaitz esperientziadun patroia da eta hori asko eskertzen da. Oreka eta norabidea ongi aukeratzeak gure lana asko errazten du.
Nola bizi izan zenuten bigarren txandaren jarraipena?
Estropada bukatu eta aldageletara sartu ginen ahalik eta azkarren, hotza egiten zuelako eta bustiak ginelako. Gurea bukatzean ikusi genuen itsasoaren egoera okertzen ari zela. Hasieratik pentsatzen genuen aldaketa gerta zitekeela, baina ez genuen espero hainbesterako izatea. Dutxan geundela jendea erreferentziak ematen hasi zen, estropada telebistaz jarraitzen ari ziren familiakoekin hitz egiten ari zirelako. Itsasoak behingoagatik guri ere laguntza handia eman zigun.
Eta bigarren txanda bukatzean…
Ezin genuen sinistu. Gure helburua ez zen laugarren postuan geratzea. Pozik ginen, eta aldi berean, erantzukizun handiarekin.
Mendik, zuen entrenatzaileak, zer zioen?
Egia esan gutxi egon ginen berekin, itsasotik jarraitu baitzuen bigarren txanda. Pozik eta harrituta zegoen. Entrenamenduetan lasaiago hitz egiteko aukera izango dugu.
Kontxako estropada hurbiltzean, kritikak entzun ohi dira Donostiako ontziaren aurka. Igandekoarekin aho batzuk ixtea lortu zenuten?
Azkenean bakoitzak bere iritzia izango du. Argi dago hiriko traineruak postua ziurtatua duela, eta gure emaitzak hobetzen saiatzen ari gara. Ulertzen ez dutenek pentsatuko dute aurten sekulako maila eman dugula, eta beste batzuek baloratuko dute egin dugun esfortzua.
Proiektuaren hasieratik izan zara Donostiarrako kidea; orain arte bizi izan duzun momenturik onena da?
Ba bai. Bidea ez da erraza izan. Behingoagatik emaitza polita lortu dugu, hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria. Esan daiteke gure historiako estropada onena dela igandekoa.
Donostiako traineru bat 1992an sartu zen azkenekoz Ohorezko Txandan. Ohorea zuentzako, ezta?
Bai, bai. Hori gertatu zenean gu oso gazteak ginen eta arraunlarietako batzuk jaio berriak. Erantzukizuna da Ohorezko Txandan lehiatzea, udako estropada garrantzitsuena delako eta donostiar bezala gehien bizi duguna.
Zer nolako astea espero duzue?
Gure helburuak ez dira aldatuko, astebetean ez garelako aldatuko. Lasai entrenatu eta Astillerok ahalik eta denbora gutxiago ken diezagun saiatuko gara. Itsasoa ongi badago, gure helburua 20 minutuetatik jaistea izango da. Bestela, besteengandik ahalik eta gertuen egotea. Begiratu dugunagatik, aste guztian itsaso zakarra egongo da eta iganderako hobera egingo du. Ahalegin guztiak egingo ditugu laugarren postua mantentzeko.