Bazkide kanpainako kartela.
Lagun Aro Gipuzkoa Basketen 2011-12 denboraldiko bazkide kanpaina zabalik dago. Urrian hasiko da ACB liga, eta etxeko partidak Donostia Arenan bizi nahi dituenak klubaren Anoetako bulegora jo beharko du. Bulegoak goizez eta arratsaldez egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era.
Taldearen jarraitzaileak bazkide egitera erakartzeko kanpainak
Hamar urte, milioika emozio izena du. Gehiago ere badio, ordea: «Taldearekin bat egin. Aurten gure urtemuga baino gehiago ospatzeko asmoa dugu eta». Donostia Arenan bertan egin dute kanpainaren aurkezpena, gaur goizean, xehetasunak emateko. Azaldutakoaren arabera, esfortzu handia egin du klubak gipuzkoar guztiengana iristeko. Hala, prentsa, irratia, Internet eta sare sozialak erabiliko dituzte kanpainarako.
‘Odol urdina’
Denboraldi guztiko txartelaren prezioak 130 eta 270 euro artekoak dira seniorretan; 100 eta 183 euro artekoak jubeniletan, eta 81 eta 132 euro artekoak haur mailan. Unibertsitate ikasketak egiten ari diren ikasleentzako txartela ere egongo da, 81 eurotan. Bestetik, aurtengo berrikuntzen artean, Odol urdina izeneko harmaila zatia izango da. Bertan, GBCko lagunarteetako kideak bilduko dira eta deskontu bereziak izango dituzte euren txarteletan.
Iaz bazkide zirenek iazko txartel bera erabili beharko dute denboraldi berrian, Donostia Arenako partidak ikustera sartzeko. Informazio gehiagorako 943-44 44 28 telefonora dei daiteke.