Primal Scream eta We Are Standard, Belodromoan
Wilcoren Kursaaleko kontzertuarekin hasiko da hiru eguneko Kutxa Kultur Festibala, azaroaren 3an
Kutxa Kultur musika programaren «amaiera festa handia» izango dela adierazi dute antolatzaileek. Hiru eguneko jaialdia antolatu dute azaroaren 3a eta 5a bitartean: Kutxa Kultur Festibala. Jada iragarrita zegoen Wilcoren Kursaaleko kontzertua ez ezik, Christina Rosenvinge, Primal Scream, We Are Standard eta Thee Brandy Hips-enak ere antolatuko dituzte jaialdi berean.
Urte osoan zehar Kutxa Kultur programaren bidez hainbat diziplinatako gazte sortzaileen lana bultzatu dute: komikia, pintura, film laburrak, argazkigintza… Musikari eskainitako egitarauan tokian tokiko musikariak izan dira; guztira hamalau taldek parte hartu dute hiriko hainbat eszenatokitan antolatutako zirkuituan. Hauek ere izango dute aukera nazioarteko izarrekin batera jotzeko.
Musika independenteari eskainitako festa izango da Kutxa Kultur Festibala. Azaroaren 3an hasiko da jaialdia, Wilcoren zuzenekoarekin, Kursaal Auditorioan. «Nazioarteko rockaren talde handienetakoa da; une honetan ikusmin gehien pizten duenetakoa da, gainera», adierazi du Ginmusica promotorako arduradunak, Sergio Cruzadok.
Jeff Tweedy buru duen seikoteak bigarren aldiz zapalduko du Kursaaleko eszenatokia, 2009an ere bertan izan baitzen. Oraingoan ere lepo beteko dute aretoa, sarrera gutxi geratzen baitira salgai.
Bigarren egunean, azaroaren 4an, Christina Rosenvinge musikariak joko du, Kutxaren Andia kaleko aretoan. Eta azken egunean, Anoeta Belodromoan, Primal Scream taldea izango da izarra. ‘Screamadelica’ (1991) diskoa berreskuratuko du zuzenean. Iaz elkartu ziren Londresen lan honetako kantak jotzeko, eta harrez gero Europako udako jaialdi esanguratsuenetan izan dira eskoziarrak. Bira amaitu baino lehen Donostian joko dute.
Belodromoko festak, ordea, luze joko du. Egun berean Donostiako Thee Brandy Hips taldea eta Getxoko We Are Standard izango dira Anoetan. Biek ala biek disko berriak aurkeztuko dituzte zuzenean. Jaialdiaren egitaraua musika lehiaketako hiru talderekin osatuko dute. PVL Havoc, Ras Miguel & Tafari, Supersweet, Fairlight, Krell, Prime Lane, Polaroid, Andrakan, Oreindik, Clon, Giorgio Bassmatti, Iñaki Sagasta, The Billie Jeans eta Rock Privado izango dira hautagaiak.
Gaztekutxaren webgunean eta Kutxa Kultur zirkuituaren Facebook orrialdean eman daiteke gustukoenaren aldeko botoa. Boto gehien lortzen duten bi taldeek eta antolatzaileek hautatzen duten talde batek parte hartuko dute; tokian tokiko talde bat izango da egun bakoitzeko. Belodromorako sarrerak jada salgai daude, eta Rosenvingerenak, berriz, ostiralean. Antolatzaileek, gainera, hilabete barru Belodromoko egitaraua osatuko duen taldea iragarriko dutela adierazi dute. Kutxa Kultur Festibala. Azaroak 3. Wilco, Kursaal Auditorioan. Azaroak 4. Christina Rosenvinge, Kutxaren Andia aretoan. Azaroak 5. Primal Scream, We Are Standard eta Thee Brandy Hips, Anoeta Belodromoan.