Argi eta garbi ere idazteko
Euskaraz zuzen idazteaz gain, mezua egoki azaltzen ikasi nahi dutenei zuzenduriko idazkuntza ikastaroa antolatu du Itzulidatz Lan Taldeak.
Paper zuriaren aurrean jarri eta idazten hastean, hamaika arazo sortzen dira. Esan nahi dena argi izanda, informazio hori nola eman izaten da gakoa. Lanbidez nahiz zaletasunez idazteko premia dutenei laguntzeko, Itzulidatzek idazkuntza ikastaroa antolatu du. Gramatika alde batera utzi gabe, komunikazioari emango diote garrantzia Julia Marin eta Mila Gallastegi irakasleek. Hala, ariketa praktikoen bidez, argi idazten trebatuko dira ikasleak .
“Ikusten genuen EGA zela beti helmuga. EGA edukita edo gramatika aldetik jantzia izanda ere, testuak idatzi nahian hastean, beste arazo batzuk topatzen dituzu, gramatikarekin baino, komunikazioarekin zerikusia dutenak”, argitu du Julia Marinek. “Euskara beti gramatikarekin lotzen dugu, eta idaztea ez da gramatika. Gramatika ezinbesteko betekizuna da, baina hortik aurrera, komunikazioari begiratu behar diogu, eta alderdi hori guztiz utzia daukagu”, laburbildu du irakasleak ikastaroaren zergatia. Ia 20 urte dira eskolak ematen hasi zirenetik, eta helburua bera izan da beti: testu egokiak idazteko alderdi komunikatibotik teknikak eta baliabideak eskaintzea. Parte hartu nahi dutenek, idazteko premia edo zaletasuna izateaz gain, EGA edo pareko ezagutza izan behar dute. “Gramatika jakintzat eman, eta informazioa nola antolatu, komunikagarritasuna oztopatzen duten arazoak detektatzea eta konpontzea izango dugu ardatz. Esaterako, joskera, gerundioa, erlatibozko esaldi luzeak…”. Eskola orduetan egindako lanaz gain, parte hartzaileek beren kabuz lan pixka bat ere egin beharko dute, “astean bi bat ordu” antolatzaileen arabera.
Izen ematea, ostiraletik
Martutenen zegoen itzultzaile eskola ixtean, bertako ikasleek sortu zuten Itzulidatz Lan Taldea. 1992tik ikastaroak ematen dituzte. Ez idazkuntzari lotutakoak bakarrik, ahozkotasunaren inguruko eskolak ere ematen baitituzte. Azken boladan, herritarrei zuzendutako saioak baino, erakundeekin lanean aritu dira. “Euskaltegi irakasleak birziklatzen, eskoletan, udaletan, administrazio langileekin, euskara teknikariekin… Asko mugitu gara, baina herritarrei zuzendutako ikastaroei berriro heldu nahi diegu, komenigarria dela iruditu zaigu”, aitortu du Marinek. Aspaldiko partez gainera, Donostian egingo dute ikastaroa.
Urriaren 6an hasiko diren eskoletan parte hartzeko izen emate epea ostiralean jarriko dute abian. Horretarako, ostiraletik aurrera erabilgarri izango den www.itzulidatz.com webgunea erabili behar da. Saioen xehetasunak ere bertan izango dira.
IKASTAROA
- Noiz. Urriaren 6tik 2012ko martxoaren 1era.
- Iraupena. 60 ordu. 3 ordu eta erdiko 17 saio.
- Ordutegia. Ostegunetan, 16:00etatik 19:30era.
- Non. Donostiako Irakalesleen Unibertsitate Eskolan.
- Prezioa. 420 euro.
- Ikasle kopurua. Gutxienez, 12; eta gehienez, 15.