EAJk Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana bateratzeko gunea nahi du
Erakunde bateko nahiz besteko poliziaren alferrikako lana ekidin eta kalean segurtasun handiagoa bermatze aldera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduna bateratu eta koordinatuko duen gune bat eratzea «beharrezko» jo du EAJk. Udalak kudeatzen duen udaltzain nahiz mugikortasun agentez osatutako 450 laguneko taldeari Ertzaintzaren bitartekoak gaineratuz, «zerbitzu eraginkorragoa» eskainiko litzatekeela azpimarratu du Iñaki Gurrutxaga zinegotzi jeltzaleak.
Bilbok abiarazitako bidea jarrai daitekeela erantsi du Eneko Goia bozeramaileak. Bilbon 2006tik ari dira bi poliziak elkarlanean eta «arrakasta» duela adierazi du zehaztu dute. «Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailak 2006an sinatu zuten hitzarmena eta 2008tik ari da gunea lanean», azaldu du Gurrutxagak. Hala, erabili beharreko teknologiarekin ados jartzearekin batera, larrialdi edota bestelako deiren bat erantzun behar denean, gune horretan erabakitzen dute nork eta nola egingo dioten aurre, jakinarazi du EAJko zinegotziak.
Suhiltzaileek, orain, Garberan dutenez egoitza, koordinazio gunea nahiz udaltzainen egoitza nagusia Eason ezartzeko aukera handiagoak eskaintzen dituela adierazi du Gurrutxagak.