Euskara ikasi nahi duen ororentzat ateak zabalik dituzte euskaltegiek
Datorren urteko ekaina bitartean luzatuko den ikasturte berrian zertan trebatu edo ordu libreak zertan igaro pentsatzeko hilabetea izan ohi da iraila. Euskarari astindu txiki bat ematea izan daiteke aukeretako bat. Euskaltegiek, bada, nahi horri erantzuteko eskaintza zabala prestatu dute. Aurrez aurreko ohiko eskoletatik hasi autoikaskuntza saioetara, nahi beste aukera egongo da 2011-2012 ikasturtean, hiriko auzo guztietatik zabaltzen den euskaltegi sarean. Iraila osoan zehar egongo da izena emateko epea zabalik.
Diru laguntzak jasotzeko eskaera egiteko, berriz, irailaren 19tik azaroaren 11 bitartean egin beharko da. Bukatu berri den ikasturtean, orain arte jasotako eskaeren arabera, 1.626 eskabide bildu dituzte. Denera, udal aurrekontutik 194.551 euro bideratu dituzte eskabide horiei erantzuteko. Hurrengo ikasturtean ere «orain artekoari eutsi nahi» zaiola adierazi du Nerea Txapartegi Euskara saileko ordezkariak.
Aurreko ikasturtean, behinik behin, 2009-2010ean bideratutakoari eutsi zioten; 194.700 euro eskaini baitziren. Eskabidea egin zuten 1.697 ikasleen artean 1.223k eskuratu zuten laguntza. Honela, alfabetatze eta autoikaskuntza ikastaroetan parte hartu zutenek 147 euro jaso zituzten urratseko, eta euskalduntzeko ikastaroetan aritu zirenak 117 euro urratseko.
Laguntza kopurua, halere, gehiagoren artean banatu beharko da, hastear dagoen ikasturtean ikasle kopuruak gorantz jarraituz gero. 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteen arteko goranzko joera nabarmena izan zen, 3.755 ikasletik 4.875era igaro baitzen. Aurtengo datuei dagokienez, udako ikastaroetan parte hartu dutenen datuak zenbatu gabe daudenez, neguan zehar euskararen aldeko hautua egin zutenena zenba daiteke soilik; 3.818 izan ziren.
266 mintzalagun
Bestalde, euskaltegian ikasitakoa indartu edota handik kanpo euskara praktikatu nahi dutenek Bagera elkartearen Mintzalaguna ekimena dute aukeran. 266 lagun izan ziren aurreko ikasturtean mingaina euskaraz dantzatzeko gogoz ibili zirenak. Euskararen Udal Patronatuak, Bagerak eta euskaltegiek antolatutako Mintzodromo saioetan, berriz, 1.012 aritu ziren.