Ikasbideko ikasleek egoitza berrian hasiko dute ikasturtea
Hondartzako arropak armairuan ondo gorde eta ikasketa liburuak apal gainean uzteko unea heldu da hiriko haur eta gazteentzat. Ikasbide ikastolara joan behar duten ikasleentzat, ordea, egun berezia izango da biharkoa, oporretako oroitzapen goxoak albo batera uzteagatik baino, eraikin berria estreinatuko dutelako Loiolako Erriberan.
Haur eta Lehen Hezkuntzako 400 bat ikasleek ez dute, orain arte bezala, Amarako Jose Maria Salaberria kaleko eta Zorroaga Gainako egoitzen artean ibili beharko, Loiolako Erriberako Pablo Gorosabel kaleko erakinean elkartuko baitira denak.
XXI. mendeko ikastetxe batek behar dituen zerbitzu guztiak eskainiko dizkie egoitza berriak ikasleei. Denera, Haur Hezkuntzako 9 gela eta Lehen Hezkuntzako 12 gela izango ditu. Horrekin batera, liburutegi-mediateka, informatika gela, balioanitzeko bi gela, psikomotrizitate gela, gimnasioa eta beste zenbait zerbitzuetarako gelak.
Jangela zerbitzua ere ez da faltako, bertako sukaldean egindako bazkariak eskainiko dituztelako. Sukaldeko lapikoetatik ateratako jakiak dastatzeko, ordea, hilabete batzuk itxaron beharko dira oraindik ez dituztelako lanak bukatu. Bien bitartean, kanpotik ekarritako janari zerbitzuarekin moldatuko direla argitu du Ikasbideko zuzendariak.
Loiola Erriberako gune berrian, gainera, atari zabalean korrika ibiltzeko leku zabala izango dute haurrek. Hori gutxi balitz, ikastolako ordutegiaren barruan, auzoan dauden udal kirolguneak erabiltzeko baimena izango dute.