Eskola, korrikaldiak eta parke hutsak
Ikasturtearen hasierak uda partean hiriak duen itxura eta ohiturak aldatu ditu.
Iraileko sei egun pasatuta hasi da aurten ikasturtea. Gaurkoa izan da Donostiako eskolek ateak ireki dituzten lehena eta horrek, ohi moduan, hiriaren paisaia eraldatzea ekarri du
. Ikastetxeetako autobusak, goizeroko korrikaldiak edota parke hutsak dira udaren bukaerak ekartzen dituen irudietako batzuk.
Garraio publikoa erabiltzen dutenek azkeneko asteetan baino lehenago jaiki behar izan dute goizetan lanera joateko. Izan ere, eskolen lehen egunak ikastetxeetara doazen autobusak jartzen ditu errepidean. «Eskerrak ez duela euririk egin, bestela erabateko eromena izango litzateke», dio Ibon taxi gidariak.
Uda partean ikusi ez den irudia itzuli da, besteak beste, Jose Elosegi alkatearen hiribidera. Kotxeak errepidearen eskuineko errailean geldirik eta larrialdi argiak piztuta, gurasoek haurrak eskolaraino eramaten dituzten bitartean. Grosen, berriz, gelakideekin berriro topo egiteko irrikaz zegoen Aritz. Joxean aitak dioenez, «goizeko seietan esnatu da, eta honenbestez, ni ere; hala ere, betiko moduan berandu iritsi gara, korrikan». Haurrek ez ezik, gurasoek ere ikasturtean zeharreko lagunekin bat egin zuten atzo. Erraza zen eskolen inguruetan zeuden kafetegi eta tabernetan. «Zer moduz oporrak?» edota «Azkenean, eskola hasi da!» bezalakoak entzutea.
Parkeek ere bestelako itxura izango dute goizetan, hemendik aurrera. Uda partean eskola umeek sortutako algarak ezin izango baitira entzun ikastetxeetakoak amaitu arte. Izan ere, irailak egutegiaren orria ez ezik, hiriaren itxura ere aldatzen baitu. Begiratu bestela errepidera!