"Oraindik ez dute dena egiteko dutela jabetzeko denborarik izan"
Arabiar udaberriak udara amaieran eraman du Libiara kazetari donostiarra. Muammar Gaddafiren erortzea bertatik bertara azaldu ondoren, gizarte aldaketaren berri eman nahi du.
Ekialde Hurbilera hamaika bidaia egin ondoren, Afrika lehenengoz zapaldu du Karlos Zurutuzak (Ibaeta, 1971) Berriako orrietan irakur daitezkeen kronikak egiteko. Eraldaketa etengabean murgildutako Tripolitik, Skype bidez, Libiak bizi duen egoera historikoaren gorabeherak kontatu dizkio IRUTXULOKO HITZAri.
Zenbat daramazu Libian?
Bi aste dira Libiara itzuli nintzela. Ekainean eta uztailean mendebaldeko mendietara joan nintzen, hango fronteetara. Han nintzela ez nuen espero Tripolira horren azkar iristea. Ezusteko handia izan zen. Abuztuan Ramadana zutenez, eta garai horretan matxinatzea asko baretzen denez, etxera joan nintzen abuztua lasai emateko asmoz. Konturatzerako, Tripolin zeuden. Ni bezala beste hainbeste korrika itzuli behar izan gara.
Zerk eraman zintuen hara?
Iragan otsailean izan nuen Arabiar udaberriekin lehen kontaktua, Bagdaden. Oldarraldi haiek nazioarteko arreta txikia bereganatu bazuten arren, tunisiar, egiptoar eta libiarren eskaera berak ziren irakiarrenak. Euskal Herrian bueltan nintzela Libia mendebaldeko mendietatik kazetariren batek sartzen lortu zuela jakin nuen –gehienak ekialdetik, Egiptotik sartzen ziren–. Gainera, Tunisiako mugako mendikate hura amazigen –berbere– lurra da, eta aspalditik nuen buruan herri hori bisitatzea. Funtsean, gaurkotasunarekiko jakin-minak eta kultur interesek ekarri ninduten Libiara.
Orain arte bizi izan duzun egoera larriena al da?
Ez. Ezustekoa izan da guztiontzat. Denok espero genuen Bagdaden (Iran) edo Kabulen (Afganistan) izandako indarkeria egotea; baina bai bertakoak bai kanpokoak ere gatazkaren bukaera azkarrarekin harrituta gaude. Izugarria izan da, Tripoli ordu gutxitan hartu zuten.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Ordutegi oso bestelakoa dute. Goizean goiz zerbait egitea oso zaila da, denak lo daudelako; eta arratsaldeko lauak edo bostak arte jendea ez da mugitzen hasten. Goizak Libian hutsartea dira. Goizean idatzi egiten dut eta arratsaldean, elkarrizketak, bisitak egin edo jendearekin egoten naiz.
Herritarrek kazetariekin hitz egiteko gogoa al dute?
Azken 40 urteetan Libiara etorri diren atzerritarrak gobernuaren zaintzapean eta jarraipenean egon dira beti. Kazetariak hotel berean, eta Muammar Gaddafiren segurtasun sarearen barruan egoten ziren; ez zuten kaleko jendearekin ia harremanik. Kaleko libiar arruntak apenas izan du harremanik atzerritarrekin. Ez dute bidaiatzeko aukerarik, eta gu hemen egotea kanpoan gertatzen den ezagutzeko modua da. Beraien harrera izugarria da: kaletik joan, eta denek gelditzen zaituzte, ingelesez edo frantsesez hitz egiten saiatzen dira, jakin min handia daukate… Beti gauza bera esaten dut, baina dena gonbitak dira. Abegikortasun itzela dute; “eskerrik asko etortzeagatik eta gurekin egoteagatik”, esaten dizute.
Muammar Gaddafiren amaiera izatea espero zuten?
Inork ez zuen uste horren azkar joango zenik. Oso pozik daude; euren garaipena kalean gauero ospatzen ari dira. Jakina, hemen Gaddafizale asko zeuden, baina oso zaila da beraiekin hitz egitea, modu irekian ez baitizute onartuko. Beraiengana gerturatu nahiko nuke, baina oso zaila da. Tripolin ikusten den giroa egunetik egunera normaltasunera itzultzearena da. Eta gauero festa: kantak, banderak, desfileak, auto ilarak, jendea kotxeetatik abesten, dantzan… Polita benetan.
Aldaketa azkarra izan dela diozu, baina Egipto eta Tunisiarekin alderatuta, luze jo du…
Ekaina eta uztailean hemen nengoela denetarik entzuten zen. Jakin min handia nuen, eta denei galdetzen nien noiz bukatuko zela uste zuten, eta inork ez zekien. Lehenik Tunisia eta Egipto izan ziren, eta horiek oso azkar joan ziren. Libia, ordea, ez atzera ez aurrera egiten zuen puntu batera iritsi zen; non fronteak ez ziren mugitzen. Geldialdi horretan ez zegoen jakiterik, ez jendeak ezta guk ere ez genekien. Ekialdeko fronteak, Bengazi eta Misratakoak, bere horretan egon dira hilabetez; gerrari buelta eman diona mendebaldeko mendietakoa izan da. Duela hilabete esan izan balidate orain Tripolin egongo nintzela ez nuke mozkortuta ere sinetsiko!
Etorkizuna nola ikusten dute? Matxinoek zer ekartzea espero dute?
Aldaketa oso bat-batean etorri dela uste dut, eta oraindik ez dute dena egiteko dutela jabetzeko denborarik izan. Esaterako, umeak eskolara itzuliko dira datorren astean, baina ez daukate liburu berririk; dituztenak Gaddafik idatzitakoak dira. Hori bezala, beste hainbeste. Euforia puntu horretan gaude oraindik, baina aurki epe motzeko erronkak oso handiak izango direla jabetuko dira.
Esaterako?
Gizarte zibilik ez dago, hortik hasi behar dira. Aurki Bengaziko jendea iritsiko da eta gobernua hartuko du. Hauek eta Misratakoek ezin dute elkar ikusi. Oso gizarte tribala da eta eurak ere ohartu dira. Desarmatzea ere beste arazo bat izango da. Armatutako jende asko dago, nerabeak tartean, eta orain armak bueltatu behar dituzte. Prozesua martxan da, baina luzea da. Iraun artean hobe dute elkarren artean ondo moldatu, bestela hondamena bilaka baitaiteke.
Nazio sentimendu falta aipatzen dute batzuek. Etsai komuna garaitzeko elkartu al dira bakarrik?
Nazio sentimendurik ez dutenik ez nuke esango, baina kontzeptu hori garatzear dago oraindik. Matxinada honek hein batean tribuak batu ditu. Mendebaldeko mendietan nengoela, mendetan aparte bizi izandako berbereak eta arabiarrak batera zeuden. beraiek esaten zidaten “bai, gure gorabeherak izan ditugu, baina gerra honetan elkarrekin gaude”. Gerra beraiek batzeko aitzakia izan da, baina ikusteko dago dena amaitzean zer gertatuko den.
Matxinoak kontserbadore eta islamistak direla esaten da. Emakumeen egoera aldatuko al du honek?
Ufa! Tripolitik kanpo, mendietan, nekez ikusi nituen emakumeak kalean. Nire errezeloa da oso gizarte kontserbadorea dela, eta zaila izango da egun batetik bestera hori aldatzea, oso sustraituta baitago. Tripolin gertatzen dena eta hemendik kanpo dagoena ezin da alderatu. Adibidez, Ramadamarekin zeinen zorrotzak diren ikusteak harritu nau. Izan naizen beste herrialde islamiarretan Ramadana arinagoa izan da, baina hemen denek egiten zuten, erabat latza izan da.
Libian Mendebaldeko herrialdeen esku hartzearen aurkako mugimendurik ba al da Iraken, kasu, gertatu zen moduan?
Onerako eta txarrerako, asko alderatzen da Libia Irakekin; baina nik uste dut oso gatazka bestelakoak direla. Hemen atzerritarrek parte hartu aurretik matxinada izan zen. Niri oso gertukoa egiten zait Irakeko Kurdistanen kasua. Beti leporatu zaie estatubatuarren alde jarri izana; baina estatubatuarrak Iraken sartu zirenerako kurduek urte asko zeramatzaten Saddam Husseinen aurka borrokan. Hemen gauza bera da. Matxinada izan da, gobernuaren aurkako halako jarrera boteretsua; eta gero, jakina, kanpoko aktoreak sartu dira, onerako edo txarrerako. Gaddafirekiko atxikipen handia izan duten gizarteko sektoreetatik gutxietsi egin da libiarren matxinada, ez da legitimotzat hartu. Nire ustez bidezkoa izan da, gero Frantziak, AEBak edo Qatarrek gatazkan parte hartu eta interes asko egon arren.
Libian noiz arte gelditzeko asmoa duzu?
Nekatuta nagoen arren, hau oso momentu polita da Tripolin egoteko. Pribilegioa da normaltasunerako prozesu honen lekuko izatea, eta, ahal dela, egonaldia luzatuko dut. Gerra bila etorri denak alde egin du, baina ni ez naiz tiro zalea –tokatzen bada joaten naiz–, nahiago dut kaleko jendearekin hitz egin. Hein batean egiten ari naizena hiriburua normaltasunera nola itzultzen ari den aztertu eta jarraitzea da. Orain bost egun ez zegoen deus: ez urik, ez janaririk… Asko disfrutatzen ari naiz egunero kale beretik pasa eta egunetik egunera denda edo kafetegi berri bat eraiki dutela ikusten.
