Borroka luzearen ondorengo omenaldia
Lehenengo fasea bai, bigarrenaren zain. Intxaurrondotarrek ez dute etsi nahi. Zubiaurre pasealekuaren parean Renfeko trenbideei txapela jarri eta auzokideentzat 170 metroko eremua berreskuratu dute. Trenbideak estaltzeko egindako bidea, ordea, malkartsua izan da oso. 30 urteko borroka horretan izan diren gorabehera guztiak errepasatzeko, erakusketa zabaldu du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak Larrotxenen.
Eskaera huts izatetik errealitate bihurtu arte egitasmoak izan duen bilakaeraren laburbildumak etorkizunean pasarte gehiago izango dituela argi du IZBEko Ray Mendiburuk. estaltzen jarraitzeko borrokari eutsiko diotelako ondorengo urteetan. Ategorrieta aldera doan zatia estaltzea nahi dute, «gure seme edo bilobek ikusiko dutena». Hala izan dadin, behinik behin, buru belarri jarraituko dute lanean.
Noizean behin aldarrikapena alde batera utzi eta lortutakoa gozatzeko tartea bilatzea ere beharrezkoa da. Horregatik, Larrotxenen ikusgai egongo den erakusketa prestatzearekin batera, festa berezia antolatu dute larunbaterako. Trenbidea estali ondoren apaindu duten eremuaren inaugurazioa egingo dute. Parkea erabilgarri egoteko azken ukituak falta bazaizkio ere, «auzoko inaugurazioa» izango da, intxaurrondotarrek orain arte botatako izerdiak eman duen emaitza miresteko eguna.
Berdegune gehiago
IZBEko kideak dagoeneko izan du parkea zein itxura hartzen ari den ikusteko aukera, eta «berdegune gehiago» izatea nahiko lukeela adierazi du. «Trenbide gainean zuhaitzak landatzea, ordea, ezinezkoa izango zela esan zuen Renfek», dio.
Larunbateko festan, auzokideek ez ezik, udal ordezkariek ere parte hartuko dute. Oposizioko taldekideekin batera, Gobernuko kideak ere hurbilduko direla aurreratu du Mendiburuk.
Festan ikusgai egongo den erakusketako pasadizoak izango dira, hain justu, trenbide gaineko parkera hurbiltzen diren auzokideen hizketa gaia. Hala nola, 1985an landu zuten lehenengo proiektua gogoratuko dute batzuek. 2003an auzotarrek ekin zieten mobilizazioek ez diete beste askori ihes egingo; ezta, trenbidea estaltzeko, 2006an, bildutako milatik gora sinadura haiek ere.
Trenbidea estaltzeko lanak, azkenean, 2009an, abiarazi zituzten. Hasi bai, baina intxaurrondotarrek garai hartan Irutxuloko Hitzari aitortzen zioten bezala, «hankamotz» geratu da, bigarren zatia –Ategorrietatik hurbilen dagoena– estaltzea falta baita.
Urte horietan guztietan hankamotz geratu ez dena, aldiz, auzotarren jarrera da, txalotzekoa izan dela nabarmendu du Ray Mendiburuk.