Zuloagako haur eskolak eragingo duen zuloarekin kezkatuta dago PP
Egungo egoera ekonomikoak eta udal aurrekontuak izango duen bilakaerarekin kezkatuta dago PPko udal taldea. Hala, Udalaren esku dagoen Zuloagako haur eskolak eragiten dituen gastuak Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko liratekeela uste du Jose Luis Arrue zinegotziak. PPko kideak gaineratu duenez, Parte Zaharreko eskolak eragiten duen zuloa ez da txantxetakoa; udal teknikariek eskainitako datuen arabera, 750.000 euro inguruko zuloa eragingo duela ohartarazi du.
Haur bakoitzeko gastua «gehiegizkoa» dela esan du Arruek, «60 neska-mutilentzako lekua duen eskolak 10.000 euroko gastua sortzen du haur bakoitzeko». Hori horrela, Zuloagako eskolaren kudeaketak Udalaren gain zergatik jarraitzen duen jakin nahi du PPk. Hirian dauden sei haur eskoletatik bost Haurreskola sarean daude. Prim kalekoa eta Antiguakoa izan ziren eskuz aldatzen azkenak. Haur eskolak Jaurlaritzaren esku uztearekin bat zuloak nabarmen egin duela behera zehaztu du PPko kideak. «2008an 1,6 milioi eurokoa zen haur eskolek Udalean eragiten zuten defizita».
Alegia, Zuloagakoa da Eusko Jaurlaritzaren sarean ez dagoen bakarra. Jose Luis Arruek, hain justu, egoera horretan mantentzeko arrazoiak zeintzuk diren ezagutu nahi ditu.
PPko zinegotziarentzat are ulergaitzagoa da egoera honek bere horretan jarraitzea, Udal Gobernuko hainbat kidek orain arte izandako jarrera ezagututa. Arrueren hitzetan, egungo Hirigintza zinegotziak, Ricardo Burutaranek, EAko bozeramaile zenean, askotan egin zuen hiriko haur eskola guztiak Eusko Jaurlaritzaren sarera igarotzeko eskaeraren alde. Alternatibak ere jarrera berbera zuela erantsi du.