Hautsak harrotu dituen generoko zinemaren filmak aztertuko dituzte
Beldurraz gozatzen ez dakitenak etxean gera daitezela. Ausartenentzako jaialdia izango da aurtengoa. Bestela, begira aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen kartela. Aizkora eskuan, Antzoki Zaharra lepo beteko duten ikusleen zain dagoen emakume bat agertzen da. Begirada desafiatzaile, hiltzaile eta eroa du.
Manuela Velles aktoreak erronka jo dio publikoari. Julio Medemen ‘Caotica Ana’ (2007) eta Javier Fesseren ‘Camino’ (2008) filmeetako protagonista izan da, besteak beste. Iaz jaialdian proiektatutako Miguel Angel Vivasen ‘Secuestrados’ (2010) laneko pertsonaia nagusia ere izan zen: «Telefonoz deitu zidaten karteleko protagonista izan nahi nuen galdetzeko. Baietz esan nuen, jakina. Zer egin behar nuen galdetu eta, filmeko bahitzaileez mendekatzeko aukera nuela pentsatu behar nuela esan zidaten. ‘Hartu aizkora eta egin nahi duzuna’». Jaialdira etortzeko aukera izatea espero duela adierazi du.
Kartela ez ezik, Velles beldurgarriari aurre egiteko prest daudenentzako egitarauaren aurrerapena ere eman zuten atzo. Orain arte Jose Luis Rebordinosek zuzendu duen jaialdiaren lekukoa hartu du jada Josemi Beltranek, eta hark eman zuen 22. ekitaldiaren berri.
Emakume basatia, zonbiak, maskaradun hiltzaileak… Jaialdia 560 film labur eta ia 200 filmeen artean hautatzen ari da programazioa osatzeko. Hurrengo urriaren 29tik azaroaren 4a bitartean ikusi ahal izango diren zortzi pelikula aurreratu ditu Beltranek. Jaialdiaren azken egunekoa, besteak beste. Alejandro Brugues argentinarraren Juan de los muertos lanarekin bukatuko da Zinemaren Astea. La Habanan girotutako zonbien inguruko filma da. Zonbia dira, edo ala uste dute behintzat. Batak besteari kosk egiten kutsatzen den gaixotasun arraro bat hedatzen ari da irlan. Banpiroak ote dira? Zonbiak? Disidenteak?Eta iinperioa Kubarekin bukatzeko erabiltzen ari den trikimailu berria bada? Film dibertigarria, lotsagabea, abenturaz josia…
70eko eta 80ko hamarkadetako genero zinemari eskainitako omenaldi bat ere izango da. Jason Eisener zuzendari kanadarrak Austineko (Texas) jaialdiko trailer lehiaketa batean aurkeztu zuen Hobo with a Shotgun, eta baita irabazi ere. Tarantino eta Rodriguezen ‘Grinhouse’ (‘Planet Terror’ eta ‘Death Proof’) filmaren kopiatan banatu zuten trailer hura. Orain film luze bihurtu dute. Rutger Hauer aktorea justizia egile arlote bihurtuta ikusiko du publikoak.
AEBetatik ‘The Orphan Killer’ iritsiko da, aurten interneteko zaleek gogokoen izan duten filmetako bat. Umezurtz geratu eta gero erakunde katoliko batean sartuko dira bi anaia-arreba. Arrebak adopziozko guraso batzuk aurkituko ditu eta erakundea utziko du. Anaiak familia leialtasuna zen den azalduko dio urte batzuk beranduago. Mendekua, odola, erlijioa…
Herbeheretako Dick Maas zuzendariak San Nikolasen beste ikuspuntu bat emango du ‘Sint’ filmean. Iaz Rare Exports filmeak egin bezala, Gabonetako pertsonaiaren mitoa apurtzen saiatuko da. Jaialdian hainbat pelikula aurkeztu dituen Noboru Iguchi zuzendari japoniarra ere izango da. ‘Tomie: Anrimiteddo’ eta ‘Denjin Zaboga: Gekijo-ban’ lanak ekarriko ditu. Batetik, bi ahizpen istorioa kontatzen duen manga baten egokitzapena pantailaratuko du. Hil eta gero, ahizpetako bat berpiztu egingo dute. Bere familiak gertatutakoa ez ahazteko eta kaosa ekartzeko itzuliko da. Eroa eta harrigarria; dibertigarria eta beldurgarria. Halakoak dira Iguchiren filmak. Bigarrena 70eko telesail baten egokitzapena da; zuzendariak egindako lanik garestiena. Motozikleta-robot karateka batean ibiltzen den agente sekretu batek mundua konkistatu nahi duen enpresa bat mendekatu nahi du.
David Keating-ek ‘Wake Wood’ aurkeztuko du. Hammer ekoizpen etxearen filma da. Wake Wood urruneko herri galdu bat da. Alaba galdu ondoren, bikote bat bertara joango da bizitzera. Herriko lider espirituala gai omen da errito pagano baten bidez hildakoak berpizteko.Eta azkenik, Emakume misteriotsu eta basati bat izango da Lucky McKee-ren ‘The Woman’ filmeko protagonista. Pixkanaka, jaialdiak egitarau osoaren berri emango du.
Aurtengo ziklo eta atzera begirako bereziak Zatoz eta begira izena du. Gaspar Noe zuzendari argentinarraren begia ikus daiteke kartelean. Hautsak harrotu zituen 2002an estreinatu zuen Irreversible filmak, eta hain zuzen, horren inguruan hitz egingo du zikloak. Fantasiazko eta beldurrezko zinema eremu debekatuan izango du ardatz. Izan ere, generoko zinemaren historian badira «gizartearentzat kaltegarritzat» jo diren hainbat film: ‘Tras el cristal’ (Agusti Villaronga (1987), ‘A clockwork orange’ (Stanley Kubrick, 1971), ‘Cannibal Holocaust’ (Ruggero Deodato, 1980)… «Eremu arriskutsuetara hurbildu da fantasiazko eta beldurrezko generoa. Tabuak, muturreko indarkeria… Ba al da mugarik kultur sorkuntzan? Horren inguruan gogoeta egin nahi dugu», adierazi du Beltranek. Gai hau lantzeko arrazoia ulertzeko iaz jaialdian proiektatzekoa zen ‘A Serbian Film’ filma da. Antzoki Zaharreko proiekzioa debekatu eta bertan behera utzi zuten «filmak askatasun sexualaren aurkako delitua egiten duen argitu bitartean».
Bildumazaleen objektuak Zinema aretoetatik haratago ere iritsiko da egitaraua. San Jeronimo kaleko sotoan zinemaren heroien inguruko erakusketa egingo dute. Zinema heroiek piztutako zaletasun fenomenoaren ingurukoa, hain zuzen. Star Wars’, ‘Alien’, ‘The Godfather’, ‘Rocky’, ‘Back to the Future’… Hainbat filmen inguruko jostailu eta produktuen zale andana dago. Erakusketan hainbat pieza izango dira. Darth Vaderren estatua erraldoia, ‘Star Trek’ filmeko USS Enterpriseren eskalazko erreplika, eta Batman, Spiderman eta Hellboy-ren vintage jostailuak.
Okendo kultur etxean, berriz, Tomi Malkki finlandiarraren erakusketa antolatuko dute. Plastilinaz egindako obrak aurkeztuko ditu. Hain zuzen, buztinezko modelaketan oinarritutako ilustrazioak egiten ditu: « Nire lanetan argazkiak, mitoak, eta oroitzapenak plastilinarekin nahasten ditut. Gauzak beldurgarriegiak direnean plastilinak nolabaiteko arnas komikoa ematen dit».
Euskal ilustratzaileei eskainitako tartea ere izango da ohi bezala. Besteak beste, Arantza Sestayo donostiarraren marrazkiak izango dira ikusgai Principe zinema aretoaren sarreran.
Aurten zenbait berritasun izango dira; Beldurrezko Asteak sare sozialak indartu nahi izan ditu. Facebook orrialdearen bidez bildumazaleak diren ikusleek etxean gordeta dituzten altxorrak erakustea lortu nahi dute.