Larraitz Lucas: "Jokalari guztiak prest gaude"
Superliga indartsu hasi du Realak, Valentziaren etxean 1-3 irabazita; bide beretik jarraitu eta lehenengo bost postuetan sar daitezkeela uste du Larraitz Lucas kapitainak.
Reala, 2011-2012 denboraldia
JOKALARIAK
Multzoka eta fasetan banatutako Superliga atzean utzita, denak denen aurkako formatura itzuli da emakumezkoen futboleko gorengo liga. «Aurreko bi urteetako liga oso kaskarra izan zen, ez zitzaigun gustatu. Aurten, nahiz eta niretzako 18 talde gehiegi izan, gustura gaude», adierazi dio Larraitz Lucasek, taldeko kapitainak, Irutxuloko Hitzari.
Formatua hobea izan ala ez, bide onetik hasi da Reala; lehen jardunaldiko partidan, Valentziari 1-3 irabazita. «Partida ona egin genuen eta aurrera begiratu behar dugu». Denboraldi-aurreko prestaketak ere eman du bere fruitua. «Iaz baino partida gogorragoak jokatu ditugu. Euskal Herriko kopako finalean, Athleticen aurka galdutako partidako bigarren zatia kenduta, gainontzekoak onak izan dira. Taldeak oso ongi erantzun du eta jokalari guztiak prest gaude». Beraz, taldearen errendimenduaren pisua, talde teknikoaren eskuetan utzi du: «Entrenatzaileari dagokio Ligan talde egokia sortzea». Iazko entrenatzaile bera du Realak, Jose Manuel Etxabe. Eta noski, taldea ongi ezagutzen du dagoeneko. «Taldea, liga eta aurkariak ongi ezagutzen ditu, eta horrek asko laguntzen du. Bestalde, egia da, iaz jokatzeko aukera gutxi izan zutenek pisu berarekin jokatu behar dutela. Egia esan, gustura gaude berriro berarekin egoteaz».
Helburua, urtez urte hobera egitea izan du talde txuri-urdinak. Iaz osatutako denboraldi bikainarekin, ordea, ez dauka batere lan erraza. «Helburua beti izaten da gutxienez iazkoa mantentzea; eta bidean beste helbururen batekin topo egin dezakezu. Edonola, lehenengo bosten artean geratzea gustatuko litzaiguke». Aurkari nagusiak argi dauzka Lucasek. «Badaude besteak baino pitin bat gehiago diren taldeak; Bartzelona, Atletico Madril, Espanyol, eta Athletic. Baina ez dakit zer esan, taldea oso ondo dago eta denboraldi polita lor dezagula uste dut». Realeko aurtengo fitxaketek ere zer esana emango dute, bost izan baitira guztira. Horietatik bi, Superligako beste talde batetik etorritakoak dira, eta beste batek 17 urtetik beherako Espainiako selekzioarekin jokatzen du. «Bost fitxaketetatik Ane Bergara izan da azkarren moldatu dena, aspalditik ezagutzen ginelako. Beste lauei, lehen asteetan pixka bat gehiago kostatu zitzaien, baina dagoeneko oso gustura daude». Gainontzeko taldeei begira, fitxaketa onenak Bartzelonak egin dituela uste du Lucasek. «Iazko antzeko taldea dauka, baina hiruzpalau fitxaketa oso oso onak egin ditu Bartzelonak. Gure aurkari gogorrena bera izango dela uste dut. Nahiz eta Athletico Madrilek beste bi fitxaketa garrantzitsu egin dituen ere».
Donostiarrak zortzi dira
Zortzi dira egun Realeko jokalari donostiarrak: Lucas, Cornejo, Aizpurua, Enciso, Del Ama, Encinas, Bajo eta Zelaia. Pisu garrantzitsua betetzen dute, beraz. Euren abileziak erakusten jarraitu beharko dute, igandean, 12:00etan, Zubietan, Atletico Madrilen aurkako partidan.
Lucas Realeko emakumezkoen taldearen sorreratik bertan izan da. Eta noski, aldaketak egon direla dio. «Aldaketa nabarmenena gure mentalitate aldaketa izan da». Gainera, pixkanaka klubean duten pisua handitu dela azpimarratu du. «Zuzendaritza guztiekin gustura egon gara, baina oraingoak emakumezkoen futbolari garrantzia eman dio. Aldundiaren ikuskizun kirola izendapenari esker kontratuak izango ditugu; hori guretzako sekulako aurrerapausoa da, saskibaloiaren eta eskubaloiaren parean egongo garelako.
- Idoia Agirre.
- Marina Agoues.
- Esti Aizpurua.
- Sokoa Azkarate.
- Esti Bajo.
- Ane Bergara.
- Cristina Cornejo.
- Gurutze del Ama.
- Aintzane Encinas.
- Eli Enciso.
- Nerea Gabirondo.
- Itziar Gastearena.
- Uxue Garmendia.
- Ainara Herrero.
- Maite Lizaso.
- Sonia Lopez.
- Larraitz Lucas.
- Ainara Manterola.
- Eguskitze Peña.
- Sandra Ramajo.
- Evelyn Santos.
- Itxaso Uriarte.
- Maialen Zelaia.