Oroimen berritua
Donostiarrek harrera ona egin diote Ulia gaineko Basollua zenaren eraberritzeari; datorren urterako ezkontza erreserbak ere badituzte.
Uda honetako berriketa gaia izan da Uliako askaldegiaren irekiera. Izan ere, donostiar askoren txikitako oroimena berriro hezur-mamitu zen ekainean, Basollua zena Merendero de Ulia izenarekin itzuli zenean. Eguraldiak gehiegi lagundu ez dien arren, pozik daude arduradunak sasoiak eman duenarekin.
Denbora gutxi behar izan du Uliako askaldegi berrituak herritarren erantzuna jasotzeko. Joan diren bi hilabeteetan hainbat ezkontza ere ospatu dituzte bertan. «Datorren udaberrirako erreserbak ditugu!», azaldu du Gonzalo Fernandez arduradunak.
Nahiz eta eskarmentu handiko sukaldaria den, Fernandezek aurten dezente ikasi duela aitortu du: «Hemen negozioa ezberdina da, ez baita jatetxe soila». Izan ere, ohiko bazkaltegia izateaz gain, Uliako parkeari zerbitzua ere ematen dio. Eguzkia irteten den egunetan, 11:30ean irekitzen dutenetik, etengabea da jendearen jarioa. «Kafea, edo hamaiketakoren pintxoa… pixkana datoz; baina, eguraldi ona dagoenean jarraia da».
Bestela, arratsalde partean euria hasten denean «askaldegia bete egiten zaigu, inguruan dagoen jendea babes bila etortzen dira eta, bide batez, zerbait hartzera».
Eraberritzearen ondoren, lehengo askaldegirako bisita gaur egin du Groseko Anak: «Maiz etortzen naiz Uliara, baina gaur estreinatu dut hau. Telefonoa ere eskatu diet, lagun batzuekin etorri nahi dut eta». Egunkaria irakurri eta eguzkiaz gozatzen zuen bitartean honako hau gehitu du: «Txukuna dago oso, benetan».
Horixe bera esaten diote etengabe Fernandezi: «Batez ere bertako jendearekin egiten dugu lan, eta gehienek Basollua zena gero eta okerrago zegoela bazekiten; berrituta ikustean poztu egiten dira». Udazken-negurako planak buruan ditu Fernandezek; baina azaldu duenez, «lehenik eta behin langileei esan behar dizkiet, eta gero jakinaraziko ditut». Irekita jarraituko duen zalantzarik ez dago, baina egunak eta orduak zehaztea falta da. Ziurra da ordea, edozein dela ordutegia, ongietorria izango dela Ulia gaineko askaldegia irekita aurkitzea.