Onddozaleentzat eta jatunentzat
EGITARAUA
Euria batzuen kalterako den arren, askok poza hartzen dute ura zerutik erortzen ikustean. Horiek, nagusiki, onddo eta perretxiko bila basoan ibiltzea gustuko dutenak izaten dira. Baita, noski, aurkitutako altxor txiki horiek plater goxoetan jan nahi dituztenak ere. Bi alor horiek elkartuz, Loiolatarra elkarteak eta Loiola kultur etxeak XIII. Mikologia eta Gastronomia Jardunaldiak antolatu dituzte.
Ezagutzak sakondu edo mikologia munduan lehen urratsak egin nahi dituztenek aukera berri bat izaten dute irailero. Antolatzaileen hitzetan, helburu nagusia dibulgatiboa da. “Onndoak eta perretxikoak ezagutzera eman, eta naturarekiko ezagutza nahiz errespetua sustatu nahi ditugu”, argitu zuen Loiola kultur etxeko Jon Urbietak. Saioetan ikasitakoa zentzudun erabil dezatela partaideek. “Jendeak ezagutu ditzala nahi dugu, baina errespetuz har ditzala; aisi gisa, ez negozioa egiteko”, gehitu zuen Loiolatarra elkarteko mikologia saileko kide Patxi Lagok.
Onddo eta perretxikoei buruz ikasteko bi aukera izango dituzte interesdunek. Batetik, datorren astean bost saioko ikastaroa antolatu dute. Aurten, boletus familia izango du ardatz, eta Daniel Palacios aditua izango da irakaslea. Eskolak kultur etxean egingo dituzte, 19:30etik 21:00etara. Hasiberri nahiz ezagutza dutenei zuzendurik dago; baina aurreko urteetan parte hartu zutenek matrikulan 5 euroko deskontua izango dute. Gainontzekoek, materiala jasoko dutenez, 25 euro ordaindu beharko dituzte. Izena eman edo informazio gehiagorako 943-454605 telefono zenbakira deitu behar da.
Bestalde, hitzaldi irekia ere egingo dute. Oraingoan, modan jarri omen diren onddo haluzinogenoen inguruko usteak hizpide izango ditu Mariano Garcia Rollan adituak. Juan Mari Orderiz antolatzailearen hitzetan, “jendeak haluzinogeno gisa erabiltzen duen gauzetako bat da. Helburua, hauek desmitifikatu eta informazioa zabaltzea da”.
Azken boladan egindako euriek perretxikoak sortzea erraz dezaketela uste du Lagok. “Mendi irteera egingo dugun egunean, 24an egoera zein den esateko goizegi da. Euria egiten duenetik 10 egunetara irteten dira, baina hego haizea badator…”. Aurreikuspena ona da, baina datorrenaren arabera.
Biltzeaz gain, jan ere
Teoria ez da, ordea, jardunaldien ildo bakarra. Gastronomiak tarte nabarmena du, eta alor honetan praktika da nagusi. Arzak Jatetxeko laguntzaile diren Igor Zalakainek eta Mikel Sorazuk doako sukaldaritza tailerra gidatuko dute. Bertan, perretxiko pintxoak egin eta dastatuko dituzte partaideek. Jateko gogoz daudenek, gainera, beste bi hitzordu ere badituzte. Hilaren 19an eta 21ean dastatze afaria egingo dute Loiolatarra elkartean. 75 lagunentzako tokia dago eta 40 euroko salneurria du. Elkarteko kideek astelehenetik aurrera izena eman dezakete; gainontzekoek, asteartetik aurrera izango dute aukera.
Auzoan gero eta errotuago dagoen ekimena izateaz gain, jardunaldi hauen oihartzuna hiriko beste txokoetara ere zabaldu da. “Urtetik urtera hobetzen doa, badute halako prestigioa. Loiolatarrentzat garrantzitsuak dira, eta hirian oihartzuna badute”, aitortu zuen kultur etxeko arduradunak. Auzotarren inplikatzearen adierazgarri, azken eguneko jaian, zazpi tabernetan pintxoen ibilaldia egingo dute. Hau da, bi euroren truke perretxiko pintxoa eta edaria emango dituzte. Eguneko hamaika ekimenei esker, “postaleko giroa, herri giro aparta” izatea espero dute. Perretxikoentzako lagungarria den euriak jaia ez zapuzteko, aurten, karpa prest izango dute.
- Irailak 12tik 16ra. Mikologi ikastaroa, gaia: Boletus. Loiola kultur etxean, 19:30etik 21:00etara.
- Irailak 19, astelehena. Zumaiako Zelai jatetxeko Jorge Asenjok prestatutako dastatze afaria, 21:00etan. Loiolatarra elkartean.
- Irailak 20, asteartea.Mariano Garcia Rollanen Onddo haluzinogenoei buruzko astakeriak hitzaldia, 19:30ean. Loiola kultur etxean.
- Irailak 21, asteazkena. Xardexkako Sebas Eskamendik prestatutako dastatze afaria, 21:00etan. Loiolatarra elkartean.
- Irailak 22, osteguna. Arzak jatetxeko laguntzaile Igor Zalakain eta Mikel Sorazuk gidatutako mikologi sukaldaritza tailerra, 19:00etan. Loiolatarra elkartean.
- Irailak 24, larunbata. Mendira irteera, 07:30ean. Loiolatarra elkartetik irtenda.
- Irailak 25, igandea. Perretxiko jaia. Latsarien plaza, 10:30etik 14:30era.