Trueba, berria eta digitala
Takashi Miike-ren ‘13 Assassins’ eta Polanskiren hiru klasikorekin ekin diote programazioari
Udan ateak itxi zituen Groseko Trueba zinema aretoak. Irailean eraberrituta irekiko zutela agindu zuen SADEk, eta atzo bertan inauguratu zuten berriz ere hiriko zinemarik txikiena. «Jende asko harrituta geratu zen Trueba berrituko genuela esan genuenean. ‘Ikusle kopurua jaitsi egin da, krisi ekonomiko betean gaude, hainbat zinema areto itxi dituzte… eta zuek jatorrizko bertsioko zinema areto txiki bat berrituko duzuela diozue?’», azaldu du Coro Odriozolak, SADE enpresako gerenteak.
Halere, Trueban berritze lanak egiteko arrazoi indartsu bat zutela plazaratu du: «Egia da zinema aretoak ikusleak galtzen ari direla; ohiturak aldatu direla eta jende askok ordenagailuan ikusten dituela filmak kalitateari inolako garrantzirik eman gabe… Baina egile zinema eta jatorrizko bertsioan azpititulatutako zinema gustuko dutenek oraindik ere zinemaren magiarekin gozatzen dute. Zinemaz gozatu nahi dute pantaila handian» .
Odriozolaren ustez, «Donostian jatorrizko bertsioan proiektatutako zinema ikusteko ohitura dago. Publikoa badago. Beharbada Donostiako Zinemaldiaren eragin zuzena izango da. Azken bi urteotan izugarri igo da mota honetako zinema eskatzen duen publikoa». Horregatik, publiko hori zaindu eta mantenduko dutela agindu du.
Berritasun handiena proiekzio gelen digitalizazioa izan da. Zinema formatua, 35 mmkoa desagertu egin da Trueban. Proiekzio guztiak digitalak izango dira aurrerantzean. Abantaila handia izango da Odriozolaren ustez: «Arazo handiak genituen jatorrizko bertsioko 35mmko kopiak lortzeko. Bartzelona eta Madrilera iristen ziren, eta askotan, libre geratzen zirenerako beranduegi zen, eta ezin genituen Donostian estreinatu». Digitalizazioari esker «kopia gehiago eta film gehiago» eskuratuko dituztela adierazi du arduradunak.
Eserleku moreak
Truebaren itxura ere berritu egin dute: «Eserleku erosoagoak jarri ditugu, eta harmailan jarri ditugu filmak hobeto ikusteko. Gainera orain tarte handiagoa dago ilaren artean». Estiloa ere desberdina da. Berde koloreko eserlekuak desagertu dira, eta more koloreak hartu du indarra: «Estilo modernoagoa lortu nahi genuen».
Zinemaren sarreran, ezkerretara, leihatila dago, lehen bezala. Eskubian, ordea, gozoki makina kendu egin dute, eta haren ordez zinema sarrerak erosteko makina automatikoa jarri dute. Pantaila digitalak jarri dituzte gainera. Programazioaren berri emateaz gain, zinemari buruzko hainbat bitxikeria eta albiste agertzen dira bertan. Mosku, Berlin, Hollywood, Kolonbia eta Abu Dhabiko zinema antzokietako ordua adierazten duten erlojuak ere zintzilikatu dituzte, apaingarri gisa. Barruan, hainbat zinemagile eta filmen argazkiak. Truebako bobina zaharrak, gainera, lanpara bihurtu dituzte. SADEren zinema aretoetako 50eko eta 60ko estreinaldien antzinako programazioak ere ikus daitezke.
Sarrerak, tabernan ere salgai
Coro Odriozolak Europan zehar ikusitako antzoki eta zinema aretoak hartu ditu eredu gisa: «Taberna bat izaten dute proiekzioaren ondoren edari bat hartzeko; kontzertuak antolatzen dituzte, zinema solasaldiak prestatzen dituzte…». Bocatta jatetxea Zinema corner taberna da orain. Zinemazaleak bertara erakarri nahi dituzte, topagune bihurtzeko: «Zinemaldian esaterako, prentsaurrekoak, galak eta izarren iritsierak emango ditugu tabernako pantaila batzuetan». Zinemari buruzko liburuak eta aldizkariak ere badira: «Mikel Olaziregik Zinemaldiko bulegoa utzi zuenean, bertan pilatutakoa eman zigun, eta orain tabernan jarri dugu edonork irakurri dezan». Taberna, gainera, leihatila ere izango da. Sarrerak erosi eta eguneko programazioa eskatu daiteke barran bertan.Atzera begirakoak, zikloak… Atzo estreinatu zuten Truebako 1. aretoa. Prentsarako proiekzioa egin zuten goizean. Urriaren 7an Truebara helduko den ‘L’illusionnist’ filma eman zuten. Programazioko lehen filmak Takashi Miikeren ’13 assassins’ eta Roman Polanskiren hiru klasiko (‘Knife in the water’, ‘Repulsion’ eta ‘Cul-de-sac’) dira.
New Yorkeko Metropolitaneko operen proiekzioa, hainbat zinema genero eta zuzendariri buruzko atzera begirakoak… «Pixkanaka hainbat berritasun aurkeztuko ditugu».





